Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Pasioak

2018ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Nerabe diren lobek esan zidatenean trap musika entzuten zutela jakin nuen existitzen zela. «Autoan entzuteko rap musika da» esan zidaten, eta harrezkero traplari guztiak auto barruetan hip eta hop irudikatzen ditut. Denboragarrenera etorri da Korrikaren kantua, trap bat, eta berarekin: eskandalua. Fermin Muguruzak, Madmuaselek eta La Furiak kantatzen dute abestia. Batzuei gustatu zaie; besteei, berriz, ez. Hemen sortu da talka. Beste zentzubako kraska bat. Zur eta lur nauka sortu den kalapitak. Pasioak bizi gaituela ezin ukatu, baina pasioaren energia ez ote dugun alferrik xahutzen iruditu zait. Eta aitortu behar dut inbidiak dzast egin didala uneren batean oso pasiozale ez dudalako neure burua aurkitu. Emandako argudioak: ez du balio dantzarako, Korrikako kanten arteko okerrena da, zabor hutsa da, traparen arazoa da bertokoa ez dela, penagarria da, ez da alaia... eta gero gauzak eskuetatik joaten hasi direnean, Fermin Muguruza maite dutela, baina ez kantua ondo argi utzi nahi izan dutenak agertu izan dira. Galdera bat: benetan beste ezer garrantzitsuagorik eztabaidatzeko (modu grinatsuan, jakina) ez dute? Niri gustatu zait kantua, baina ez dut Marianne gaurkotua banintz bezala Gilets Jaunes gisa eta bandera eskuetan defendatuko. Gustatu izan ez balitzait egurtuko ez nukeen bezala.

Eztabaida honetan gehien harritu nauena da askok erabilitako hizkuntza: espainiera. Inkoherentziak, edo. Amaitu berri den Euskaraldian ahobizi batzuei ikusitako berbera, hain zuzen ere. Izan ere, ahobizi txapa ez zen norberaren euskalduntasunaren maila adierazteko. Tira, agian oker nago eta ni neu naiz Euskaraldiaren funtsa ulertu ez dudana. Kontuak kontu, eta ezbaiari zentzurik aurkitu nahian, ondorio batera heldu naiz: ez ote da Korrikako prentsa bulegoan asmatutako amarru bizkor eta publizitate-estrategia ona sortu den kalapita hau? Errealitateak beti gainditzen du fikzioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.