Garazi Arrula Ruiz.
LARREPETIT

Esperientziak

2018ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Emozioen salerosketaz beste inoiz mintzatu gara. Halakoak izanen dira Olentzerok ekarriko dituen oparietako aunitz: arabar upategietara bisita, punta-puntako sukaldaritza, txangoa bi lagunentzat, zuhaitzetako etxoletan gau bat... Zatoz ez-dakit-zeren esperientziaz gozatzera. Gaur egun deus gutxi baita ardoaz, naturaz, konpainiaz edo otordu majo batez gozatzea, ez badakar esperientzia alboan.

Kaxak zabaltzea esperientzia berdingabea den bezala, antza. Lagunarte ezohiko batean izan nuen duela gutxi unboxing fenomenoaren berri. Zur eta lur aditu nizkien azalpenak jende nerabearekin harremana duten solaskide haiei, ni ordura arte zer planetatan egona nintzen neure buruari galdezka. Labur, hara zertan datzan: postaz ailegaturiko edo dendan erositako zerbaiten kaxa zabaldu eta barrukoa hitzez azaltzea; bistan denez, betiere prozesu osoa grabatzen ari zarela. Hamaikatxo halako daude sarean. Opari-pakete batek ilusioa egiten du, bereziki, barrukoa zer den ez badakigu edo luzaz horri itxaroten egon bagara; kontrara, norberak bezperan erosi eta kamera aurrean azalpenak emateko nola diskurtsoa hala planoak prestatu baditu irrika eta misterioa galtzen delakoan bizi izan da orain arte ezjakin hau. Eta zer esan ezezagun bati norberak oparitu ez dion paketea nola zabaltzen duen begiratzeaz. Desira da ez dugun zerbaiten mira, beste norbaitek baduen zerbaitena; desiraren tragedia, ordea, ezin eskuratze horretan datza, behin lortuz gero desira beste objektu batera aldatzen baita (izan materiala izan bestelakoa).

Bi minututik behin Facebooki sakelakoan begiratzea «limoi-ura bezain naturala» bihurtu den honetan, esperientziak pilatzen ditugu. Pilatze hutsak ez du deusetarako balio —beste hark aspaldi esan zuenez—, horiek ez badira (merke) saltzen eta dokumentatzen, ondoren dena delako sare sozialak norberaren bizialdiko «istorioak» sor ditzan.

Iragarri dutenez, Black mirror heldu da Gabonetan. Ez da metafora bat, nahiz eta izan zitekeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.