maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Ertzain

2019ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Azken hilabeteotan irrati eta egunkarietan nonahi entzun eta ikusi ditugu ertzain bilakatzeko gonbidapenak. 500 postu aterako ditu laster Eusko Jaurlaritzak —azken hogei urteotako deialdirik handiena— eta gazteoi hautu paregabe gisa saldu digute lanbidea. Bizi dugun prekaritate eta aukera gabeziatik ihesi, lanpostu duin eta egonkor bat. Esaldi hauekin deskribatzen zuen ofizioa urtarril bukaeran euskarazko kazeta batean leitu nuen publizitateak: «Aukera eta soldata berdintasuna. Herritarren zerbitzu hurbila. Lan eginkizun interesgarriak. Egonkortasun eta garapen profesionala». Eta, goian, letra larriz: «Zure neurriko lanbide bat».

Soldata eta egonkortasunarena egia izanen den ez dakit, baina nire neurria behintzat ez diot inondik ikusi deialdiari. Gutxiago zerbitzu hurbila, ez bada soilik borrekiko distantziaz, eta lan eginkizun interesgarriak, niretzat behintzat, ez dira. Azkenaldian ikusi izan baititut, bertzeak bertze, gazteleraz egitera behartzen lagun bati, eta euskaraz egiteagatik gaizki erantzun eta 600 euroko isuna jartzen—baita horren berri eman zuen kazetari bati ere—. Ikusi izan baititut eraso sexista baten salaketa jartzeko unean emakumeen hitza zalantzan jartzen. Eta azken aste honetan, Madrilen aginduak betez, gure lagunen etxeko ateak goizeko lehen orduetan ostikoz botatzen, oraindik argi ez dakigun arrazoi batengatik espetxera eramateko. Ahantzi gabe duela ez hainbeste torturatu ere egin dutela (1982tik 2014ra 336 kasu, Eusko Jaurlaritzak berak agindutako ikerketaren arabera), eta Iñigo Cabacasek haiengandik jaso zuela heriotzaraino eraman zuen buruko kolpea.

Zaintzaren (eta herriaren) ulerkera ezberdina izango dugu agian, baina askorik ez da gogoetatu behar ondorioztatzeko herriaren zaintzan behintzat ez dabiltzala. Eta miseria gorrian egonik ere, ez dela gazteontzako neurrirako lanbide bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.