Garazi Arrula Ruiz.
LARREPETIT

Gure estilora

2019ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Sexu abusuen inguruan mintzatzeko elkartu ziren Vatikanoko hiri estatuan mundu osoko gotzainak. Goi bilerako 190 parte hartzaileetatik, hamabi ziren emakumeak. Elizaren instituzioaren barruan andreei funtzio gehiago emanen ote dizkioten galdetuta, Frantzisko aita santuak esan zuen emakumea Elizaren ama eta emaztea dela, «estilo bat»; botere gehiago ematearekin ez dela deus konponduko, eta, aldiz, «emakumea Elizaren iruditzat integratu behar dela gure pentsamenduan». Horrela, gizon sotanadunen pentsamenduan dagoen bitartean, emakumea (barka, ama-emaztea) ez da erabakiak hartzen ibiliko.

Abusuen kontrako protokolo bat ezartzea xede zuen goi bilkurako azken mintzaldian, Frantziskok ez zuen argitu zer neurri hartuko dituzten abusuen aurrean. Bitartean, etxean, Salestarretako irakasle ohiaren kontrako salaketetatik zortzi artxibatu dituzte, preskribatuta daudelako, eta Garesen beste apaiz bat salatu dute. Torturarekin eta tratu txarrekin gertatzen den bezala, erreparazioa ezin da mugatu abusuak egin zituztenen kontrako auzibide herrenera, eta kasuok ezagutu eta estali zituzten horiek ere badute erantzukizuna. Zer eta gorentasun moralaren gainean eraikitako instituzioaz ari garelarik.

Ez baitugu ahaztu behar, gainera, hezkuntza sare boteretsua duela Elizak, baita gurean ere. Arazoa, ordea, Skolae da; zeren, gogoan badugu, programa hezitzailea pederastiarekin bortxaz lotzen saiatu ziren, nola bortxaz galdetzen zaion bere burua ez ar ez eme sailkatu nahi ez duen horri zakurra, katua ala ornitorrinkoa ote den. Gure garaian, eskolan, sexu heziketa ordubeteko saiora mugatzen zen, eta gu gabe utzi gintuzten, gaizki portatu ginelako. Ez dut gogoan zer egin genuen halako zigorra merezi izateko. Oinarrizko heziketa afektibo-sexuala lantzeko tresnak beste nonbait bilatzen asmatu dugunok ere garatu dugu «estilo bat», kutsakorra, kontzientea eta aktiboa, eta ez dugu asmorik hori gonapean ezkutatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.