Garazi Arrula Ruiz.
LARREPETIT

Happykrazia (I)

2019ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Duela zenbait urte, adinkide batek esan zidan zoriona gainbaloratua dagoela, kontzeptu anglosaxoia dela eta hobe genukeela plazerez beteriko bizitza desiratu eta opatu, zoriona ordez. Nik pentsatu nuen zer ongi mintzatzen zen lagun hura, eta aurrerantzean doktrina hedonistari kasu eginen niola. Laguna gizonezkoa zen, eta orain uste dut ez dela kasualitatea.

Garai bertsuan, adiskide emakumezko batek gomendatu zidan Eva Illouzen Why Love Hurts? saiakera. Ikuspegi soziologikotik Illouzek maitasuna aztertzen du, makineria kapitalista eta neoliberalaren zutarritzat hartuta. Amodioaren eta sexualitatearen bidez, kontsumo merkatuaren hiztegiak, praktikak eta subjektibitateak bere egin dituzte berehalako asetzea, esperientzia askotarikoen pilaketa, gramatika hori guztia. Orain, autore berak eta Edgar Canabas psikologoak Happycratie argitaratu dute, zoriontasunaren zientziak eta industriak gure bizitzan duten kontrolaz.

Liburuan aztergai dute AEBetako armadak zuzendutako psikologia positiboaren programa bat, helburu duena militarrak heztea emozio positiboen, zorionaren eta espiritualtasunaren bidez, horrek fisikoki ez ezik psikologikoki ere erresistente eginen dituelakoan: «Armada menderaezin bat». Arrakasta itzelaren ondorioz, AEBetatik harago egin du psikologia positiboak, gure kultur etxeetako eskaintza eta liburutegietako apaletaraino.

Badira zoriontasunean adituak, salgai da errezeta, guztion eskura jarri dute; norberak zoriona eskuratzen ez badu, norberak nahi ez duen seinale. Nolabait, egun, arrakasta eta porrota ez dira auzi sozialen araberakoak, baizik eta «nork bere emozioak, pentsamenduak eta jarrerak modu egokian kudeatzeko ahalaren araberakoak». Erantzukizun osoa norbanakoaren gain uzteak frustrazioa eta erruduntasuna sortzen ditu, eta pertsonak bakartzen, komunitateari ez baitzaio lekua egiten.

Zoriona ongizate indibidualarekin berdintzean eta horretara mugatzean dator arazoa, hurbildu ahala urruntzen den helmuga bihurtu baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.