Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Izenak eta identitatea

2019ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Kolektiboa arriskutsua da eta hura gobernatzea zaila. Sistemak nahiago ditu norbanakoak, bakantasun horretan errazagoak baitira manipulazioak, mugimenduak eta maniobrak. Sinpletasunaren izenean uko egin diegu gauza askori zer egiten ari garen jabetu barik; cookie-ak onartzea bezalako zerbait. Ez dugu konplikaziorik nahi, baina nora arte ez dugu nahi? Guretik zenbat metrotan emango dugu amore? Identitateak korapilatsuak dira, kudeatzen zailak.

Horixe zetorkidan burura Oskar Alegriaren Hitz-eneaerakusketa ikusten ari nintzelarik, Ipar Euskal Herrikoetxeen izenekin egindako erakusketa.

Ni ere beti liluratu naute Ipar Euskal Herriko etxeek dituzten izenek. Uda azkeneko iguzkia, Iduski-sartzia, Larhun bichta, Señoraenea... Bizi izan naizen etxe guztietatik batek baino ez du izenik izan: oporraldirako gurasoek zuten baserriak. Baserriak bazuen zenbakirik, baina inork ez zuen ezagutzen, postariak ere ez; denentzako Zarandegikoak (sandeikoak, esaten zioten) ginen. Multzo bat ginen, zerbaiten zati, taldea, kolektiboa. Izen horrek nolabaiteko identitatea ematen zigun. Sinplifikazioa niotsun, izenek identitatea ematen badigute, zenbakiekin ordezkatzeak zer dakarkigu? Nork eta noiz erabaki zuen etxeen izenak zenbakiekin ordezkatu behar zirela? Amélie Nothombek idatzitako Acide sulfurique-n ere izen-abizenak baztertu eta zenbakiak ematen zizkieten gizon-emakumeei kontzentrazio eremuan sartu eta atoan. Identitatea kentzen zioten. Bakartu egiten zituzten. Ez ziren ezeren zati. Bizitza hau gure kontzentrazio eremua ote?Bizi izan naizen beste etxe denek zenbakiak izan dituzte. 26, 7 eta 16. Atarian jende asko bizi arren, zenbakiekin ez ditut talde sentitzen; banakakoak gara zenbakipean. Izan gintezkeen Erreka aurrea, Eguzki enea edo Goizeko txorien baita, baina zenbaki huts eta hotz bat baino ez gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.