Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Waldorf eta askatasuna

2019ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Ipuin bat idazten ari zen Mary McCarthy. Konfidentzialki kontatu zion Hannah Arendti 1952ko martxoko gutun batean. McCarthyk bazekien fikziozko lan berri horrek «etsai berriak sorraraziko zizkiola». Gai nagusia Waldorfeko lehenengo eta bigarren konferentziak izan ziren. Maryk bietan parte hartu zuen. Sobietarrek antolatutakoan disidente gisa joan zen eta amerikar antikomunistenean opositore gisa.

McCarthyren ipuinean kontrakonferentziari buruz jarduten zuen. Benetako pertsonaiak agertzen ziren: Fred Dupee, Kultura Askatasunaren Batzorde antikomunistako presidente izan aurretik teorialari marxista ohia izan zen Sidney Hook, 40ko hamarkadan HUAC eta SACB batzorde antikomunistako kolaboratzailea izan aurretik Alderdi Komunistako burua izan zen Louis Budenz.

McCarthyk ipuinean defendatzen zuen «kultura askatasuna» ezin zuela batzorde batek ebatzi. Baina Dupeek esan zion batzordeen benetako lana Europan komunismoari kontra egitea zela, afera «neutraltasunaren kontra borrokatzea» zela. Hookek eta konpainiak adi egoteari uzten bazioten estalinismoa gobernura eta hezkuntzara itzuliko zela. McCarthyk ez zion zilegitasuna kendu beldurrari, baina estalinismoa 1950eko AEBetan? Bere irudipena zen, funtsean, artista ezkertiarrak zigortzeko batzordeekin kolaboratu zuten artistak 30eko hamarkadatik zetozela erretxinduta. Garai hartan, sobietarren bidelagunek bazuten nolabaiteko tokia «hezkuntzan, argitaletxeetan, teatroan» eta komunista ez zirenek «gabezia txikiak, esamesak» jasan behar izan zituzten. Eta artista horiek arrakasta soilik nahi zutenez, bi hamarkada beranduago ari ziren mendeku hartzen, «traumatizatuta zeudelako 30eko hamarkadarekin», beren aburuz, «estalinismoak eragin handia izan zuelako liburu-saltzaile eta langile arrunten artean».

McCarthy ez zen inoiz pozik geratu ipuin harekin: ez zuen argitaratu. Ordea, adierazi zuen, «benetako kultura askearentzako mehatxua Joseph McCarthy senatari paranoiko antikomunista zela, eta ez konspirazio komunista gisa ezagutzen zena». Orduan ere, iraganeko terrorea —eta iraultzaren aukerak—gero eta urrunago orduan eta irmoago nabarmentzen zuten kontrairaultzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.