Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Zifrak eta letrak

2019ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Liberalek, sozialdemokratek eta faxistek biolentziaz hitz egiten dutenean bereziki buruan izan behar ditugu zenbakiak. Kapitalismoak aurpegi ezberdinak dauzka, baina denen muinean daude zenbakiak: ekonomia. Kapitalismoak zenbakiekin hitz egiten du, zenbakiekin funtzionatu eta zenbakiekin huts egin. Adibidez, ateratzen du kalkulagailua eta galdetzen: zenbat begi galdu behar ditu manifestazio batera joandako pertsona batek bere begiak sutan diren edukiontzien balioa izan dezaten. Saldu, erosi, truke prezioa. Zenbat jende harrapatu behar dute polizien furgonetek Katalunian kutxazain baten erreketaren garrantzia izan dezan. Zenbat jende kolpatu behar dute naziek eta poliziek biolentzia horrek komuneko papera ala edari lata bat jaso duen Ibex-35aren erreportariaren mailako garrantzia izan dezan.

Komunismoa hitzek eratzen dute, filosofiak. Beraz, pertinentea da zalantza: nola sortu eraldaketa dauzkazun hitzek ez badute balio? Izan daiteke bide bat Käthe Kollwitzek bere senar Karli 1916ko ekainaren 13ko gutunean esan zion hura: «Nire sentimentuen artean kontraesanak neuzkan. Azkenean, inpultsozko pentsamendu batetik ekin nion: jauzi egin igerilekura, moldatuko zara gero igeri egiten ikasteko». Hori da astelehenetik Mediterraneoko satorrak erakusten diguna: egin eta gero ulertu, azaleratu eztabaida zaharrak Instagramen garaian, ez obeditu mundu zaharrari.

Azken batean, ongi esplikatu zuen Brechtek: komunismoa ez da aberastasunaren banaketa justu bat, pobreziaren banaketa da. Onar dezagun. Gure askatasun parabolikoak, pantailak gure intimitatearen azken txokoraino sartu dituenean inoizko esperientzia pobreenak dauzkagula. Horrek azaltzen du zergatik hainbeste bidaia. Hainbeste pintxo-pote. Hainbeste running. Pobreak gara esperientzietan, baina are pobreagoak izan behar gara oraindik, Walter Benjaminek aldarrikatu zuen bezala «zerbait errespetagarria» sor dadin guregandik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.