Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Pailazo ona ala euskalduna?

2019ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Atzoko artikuluan Angel Errok kontatu zigun Felipe Espainiakoa ia inor konturatu gabe pasatu zela Iruñetik. Nafarroako herritar arruntok monarkiaren basailu sentitzen ez garelako adierazlea da errege bisita ia oharkabean gertatu izana, begi-bistakoa baita Feliperena instituzio zaharkitua dela, eta ez dela nafarron interesekoa. Maia Iruñeko alkatearen pentsaera ere beste garai batekoa da —akaso horregatik horren sutsu egiten du bat monarkiarekin—; zaila izaten da, ordea, ezaxolarena egiten UPNko ordezkariaren ebazpenen aurrean.

Iruñeko alkatearen taldeak erabaki du bertan behera uztea programaturik zegoen Lasarte-Oriako Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia. Gipuzkoarrak —baskoak—, euskaldunak eta euskaltzaleak, zigortu beharreko hiru bekatu kapital Nafarroako eskuin espainolistaren katiximaren arabera. Hasiera batean, atzera egiteko aitzakia kontratuaren forma-akats bat izan zen —ohiko ildoari jarraikiz, «zer nahiago duzue, pailazo ona ala euskalduna?» edo «euskarazko irriak baztertzaileak dira» izan zitezkeen irizpideak—, baina Iruñeko Udalaren Twitter kontuak benetako arrazoia argitu digu: Pirritx, Porrotx eta Marimotots «Batasunaren maskotak» dira. Egia da txioa ez dela Udalarena izan, birtxiokatu besterik ez baitu egin udal-kontuak, eta aitortu behar da hainbat hiritarren kexaren ondorioz bir-txioa desagerrarazi ondoren desenkusatu egin dela Udala —desenkusa iheskorra, hura ere segituan ezabatu baitu—. Nabarmentzekoa da halaber errebelazioaren egilea Miguel Cornejo Ciudadanos alderdiko kidea dela, Maiaren aliatu politikoa. NA+ koalizioaren hizkuntza dotrinaren seinale da txioa.

Hizkuntza-eskakizuna lanpostuetan, euskararen ordenantza, pailazoen zentsura, Twitter kontua: zoritxarrez, udalburua betetzen ari da legealdi hasieran beragandik espero genuena. Okerrena da sinesten hasiak garela euskaldunon eskubideen aurkako edozein astakeria posible dela graziarik gabeko Iruñeko Udalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.