Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Gure harremanak

2020ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Bilboko Erriberako merkatuko postu batean aurkitu nuen oso gauza bitxia: gilda batzuk hutsean gordeak. Maite izeneko batek prestatzen ditu, eta hori ez da bitxia; bai, berriz, bertan agertzen ziren hitzak eta hautatutako hizkuntza. «Zuretzat maitasunez aukeratua» dio plastikoak, eta beherago, «Zaindu maite duzun hori». Harritu nintzen. Maiz aipatzen dugu Ruper Ordorikak Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren kontra asmatu zuen abestiaren leloa: zaindu maite duzun hori. Baina, zinez, zaintzen ditugu maite ditugunak? Esan bai, esan askotan esaten dugu, baina gero, zer egiten ari gara? Oso gizarte kapitalistan bizi garela salatzen du(gu) askok, eta egia da, ukaezina baita. Kontua da noraino sartu zaigun kapitalismo hori, alegia, gure harremanak ere ez ote diren kapitalismo horrek kutsatuak. Harreman likidoak, kontsumo azkarrekoak bultzatzen dira hemen eta han; batzuk, dagoeneko, Lipovetzkyren airezkoetara seguruena ailegatu direnak. Zaintzak ez du lekurik hor, edo badu, oro har, emakumeok zaintzen dugun neurrian. Eta hori ere ez da guztiz zuzena; izan ere, beti dago salbuespenik. Ahalegin askorik eskatzen ez duten harremanak ditugu hein batean, gozatzekoak, uda betezkoak beti, baina zer gertatzen da: babesa, zaintza, laguntasuna behar denean, bizi izan dugun moduko ataka larri batean? Nik uste dut egunotako egoerakerakutsi digula zein harreman mota ditugun, zein gutxi zaintzen ditugun zenbaitetan, zenbat kostatzen zaizkigun beste balore (egun démodé daudenak) batzuetan oinarritutako hartu-emanak.

Edozelan ere, esan behar dut egoera honek ere bestelakoak utzi dituela. Elkartasuna, anaitasuna eta zaintza gutxien itxaroten duzunaren aldetik: igogailuan laguntzarako eskaintza, edo etxeko atarian, edo kale bazterretan, edo aspaldian galdutako horren aldetik. Bai, kontraesanezkoa eman lezake, baina horretatik ere izan du egoera honek. Eta eskerrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.