Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Zahartzaroa ez da ile urdin bat

2020ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Zer esango zenioke batxilergoa amaitzear dagoen gazte bati? Horixe da lehengoan eskatu zidatena, bideoa grabatu eta mezua helaraztea. Uste dut izan nintzena baino ausartagoa izan behar nintzela. Esaterako, ez nien esan euren buruak politizatzeko. Etengabe entzungo dute despolitizatze sasoia datorrela, neutraltasunarena. Baina zer da neutraltasuna, ez bada jarrera politiko bat? Esan behar nien (lehengoan hitzaldi batean hark esan zuenez) baikortasuna jarrera politiko lez jantzi behar zutela. Ausart eta eraginkor izateko aipatu nien, baina koldar eta zaputz zirenean euren buruak onartzeko esatea ahaztu zitzaidan. Ziur nago norbaitek esan diela zalantzazko garaiak direla, beti dago beldurra arnasbide gisa saldu nahi duenik, eta horren aurrean gogoratu behar nien Galiziako Golpes Bajos taldeak oso aspaldian kantatzen zuela Malos tiempos para la lĂ­rica (sasoi txarrak lirikarentzat), orduan ere bazirelako txarrak-edo. Beti izan baitira, edo sekula santan, ez dakit ziur. Bidali nien bideoan ez nien esan norbanakoikeriaren konfinamendutik ihes egiteko, kolektiboan sinesteko, kidetasunaren indarrean. Ez nien esan hainbeste gauza zahar sentiarazi nindutelako, gure etxeko nagusiek lezioak esaten zizkidatenean bezala. Egungo gazteak, seguruena, orduan gazte ginenekoak bezain azkarrak izango dira, eta bizitza arduratuko da harrokeria dena bezatzen. Baina bidalitako bideoan gauza garrantzitsua ahaztu zitzaidan aipatzea. Estropezu egingo dutela, bizitzarengandik edo batek daki norengandik jasoko dutela kolperik, latzak, zenbaitetan. Ezinbestekoena, baina, altxatzea dela. Horixe baita funtsezkoena: datorrena datorrela, malerusak indartsu harrapa gaitzala eta beti gorantz erortzea.

Agian bidean aurkituko ditut egunen batean batxilergotik atera berri diren gazteak. Ondo ederto joan dakiela, edo, Hunter S. Thompsonen hitzetan, ondo higatutako bizitza opa diet.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.