Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Umorea

2020ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Emakume baten gorputz argala ageri da begi aurrean dudan pantailan. Izter erditik gora eta gerrirainoko gorputz zatia ikusten da soilik; baina gorputza estalita dago, Klein urdin kolorea duen oihal batean. Zeta ederra da gorputza batzen duena oso modu poetikoan. Agerikoa da iragarkia dela, baina ez zer den iragartzen duena: Jaguar autoa, argaltzeko pilulak edota osasuntsu bizitzeko coaching baten iragarkia. Denetarik izan zitekeen. Zalantzak, baina, bide laburra du honetan: «alu-ezpain kirurgia egiteko asmotan zaude? Hauxe da zure momentua». Ginekologoaren itxaron gelan nago, zain. Liv Strömquistekin gogoratu naiz. Maite luke iragarkia suediarrak, izan ere, berak egin duen Kunskapens frukt (ezagutzaren fruitua) komikia bulbaren inguruko saiakera ilustratua da, eta ondo argi salatzen du emakumeon bulbak historikoki jaso duen gaitzespena. Emakumeari mugarriak ezarri zaizkio etengabe, bere-bereak diren organoarekiko higuina sentitzeraino. Michaela Coel britaniar antzezle eta zuzendaria da HBO plataformak duen I may destroy you telesailean. Hirugarren kapituluan Arabella (Michaela Coel) gizon batekin ari da sexu jolasetan, eta horrek alutik ateratzen dio odoleztatutako tanpoi bat, kamera aurrean ikusarazten duena. Ondoren, hilerokoaren odolbildu batekin egiten du topo gizonak, eta hura ere agertzen du kamerak. «Biguna da, eta beroa», esaten du gizonak. Liv Strömquistek elkarrizketa batean dio aspaldian gizonek ebatzi zutela hilerokoa gauza lohia zela, eta gu zikin sentitzen garela.

Gustave Courbeten L'Origine du monde margolana zentsuratua izan da zenbait tokitan. Gehiegi erakusten du; alegia, zetazko Klein urdinezko oihal barik agertzen duela Strömquisten lanean ageri diren gizonezkoek hainbeste gorrotatzen dituen emakumearen bulba, klitoria eta bagina. Eskerrak umoreari, eskerrak Liv Strömquisti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.