Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Loturarik eza

2020ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Gaur jakin dut Espainiako Gobernuak ez duela loturarik antzematen Espainiako monarkiaren eta Juan Carlos erregearen ekintzen artean, eta geroztik neure onera ezin etorriz nabil. Bozeramaileak emandako datua egia baldin bada —nor naiz ni gobernukide batez zalantza egiteko?— 1975eko azarotik 2014ko ekainera arte errepublika batean bizi izan gara, porrot egindako errepublikan nahi baduzue, baina errepublikan, azken batean, ohartu gabe: Errege goitizeneko gobernuburu xalo eta, orain badakigu, eskuzabal horrek ez zuen monarkiarekin eta, ondorioz, monarkia parlamentarioarekin inolako zerikusirik. Egia da antzeko kasuak gertatu ohi direla mundu zabalean; Elvis The King Estatu Batuetan eta Ramoncin El Rey del Pollo Frito Espainian berean adibide egokiak izan litezke, baina argiagoa da beren erreinuak ez zirela mundu honetakoak, musikarekin —Ramoncinena egiaztatzeko dago— baitzuten lotura. II. Mundu Gerra amaitu eta hainbat urtera Ozeano Bareko Guam uharteko oihan galduan borrokarako prest aurkitu zuten Yokoi soldadu japoniarra bezala sentitzen naiz orain. Zertarako hainbeste brindis apirilaren 14an eta hainbat oihu antzu? Zergatik «Borboiak marrazoetara»?

Bikoiztu zait sentipena Iruñeko albistea ezagutu dudanean, argazki eta guzi. Berripaperaren arabera, aurtengo ez-sanferminetan, eliza katolikoaren jarduera ez-ofizial batean hartu du parte Iruñeko—une zehatz hartan— ez-alkateak. Udalak bertan behera utziak zituen uztailaren lehenengo hamabostaldiko —barkatu, ez dakit nola izendatu sanferminak ez diren horiek— ekitaldi ofizial guziak, baina alkateak —edo ez-alkateak? Buruak eztanda eginen dit—artzapezpikutzaren programan parte hartzeko tema handia zuen. Modu ez-instituzionalean egin omen du. Ziur? Eta artzapezpikuak alkatearendako gordetzen duen eserlekuko maskaraduna ez-Enrique Maya izanen balitz? Espainiako Gobernuaren bozeramaileak Elizaren eta botere publikoaren arteko ez-loturaren frogatzat hartuko ote luke?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.