Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Memoria

2020ko urriaren 1a
00:00
Entzun
«Memoria aparta dut gauzak ahazteko», idatzi zuen Robert Louis Stevensonek Bahitua liburuan. Batzuetan ematen du hautatutako oroitzapenak geure burutik ezabatzea dela oroimenaren betebehar nagusia. Neronek ere erabili izan dut Jekyll doktorearen eta Hyde jaunaren kasu bitxia narrazioaren egileak deskribatu zuen sistema, eta irmo esan dezaket praktikaren poderioz hainbat bizipen ahazteko trebezia handia eskuratu dudala. Gehienak nerabezaroari lotutako oroitzapenak dira —orain baino tontoagoa nintzenekoak, alegia—, baina denboran ez horren urrutiko batzuk ere lortu dut gogotik ezabatzea. Ergelkeria, aldiz, ezinezko dut erabat uxatzea; bistan da.

Norbaitek pentsa lezake Navarra Sumako buru argiek ahanzturaren teknika abian jarri nahi izan dutela Iruñeko Erorien Monumentuaren gaineko proposamena egin dutenean: erabilpen anitzeko areto bilakatu nahi dute frankismoaren gorazarretan sortutako eraikina. Ez dadila inon ager faxisten bidegabekeriaren aipamenik. Bertin Osborneren emanaldietarako ere leku aproposa izan liteke, zergatik ez? Nahiz eta aurreko legealdian udalbatzak gehiengo osoz erabaki zuen eraikina Memoria Historikoa jorratzeko gunea izanen zela, Juan Jose Echeverria Hirigintza zinegotziak jakinarazi digu «nahi duena egiteko ahalmena» duela Udalak. Argigarriak dira Navarra Sumako politikariaren adierazpenak.

Ez dut uste Gerra Zibilean zein ondorengo urte ilun guzietan zer gertatu zen ahantzaraztea denik alderdi eskuindarraren —oso eskuindarraren— asmoa, Nafarroan deus gertatu izan ez balitz bezala. Alderantziz. Pentsatzen dut navarrisimoek une oro ohartarazi nahi digutela zeinek irabazi zuen gerra, ez dezagun sekula ahantz nor atera zen irabazle eta nor galtzaile; eta, bidenabar, erakutsi nahi dute irabazleak nahi duena egiten ahal duela sudur puntan jartzen zaionean. Azken finean helburu horietan sortu zen monumentua. Akaso horregatik eraitsi beharko litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.