Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Zuloak eta arrakalak

2020ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Nafarroako mendi arteko uretan zegoen Iñigo Aranbarriren eleberri gogoangarriari izena eman zion zuloa, Itoizko urtegia betetzeko lanak testuinguru harturik. Itsasoko uretatik hurbil samar sortu da orainzulo bat lurrean, eta Donostiakoa ere egitura bateko lanen ondorio izan da; biak estrategikoak, premia handikoak, herritarron bizi baldintzak hobetzeko ezinbestekoak. Gipuzkoako hiriburuko pitzaduraren berri izan dugun egun berean zabaldu da satelite espainiarra aireratu eta zortzi minutura espazioan galdu dela. 200 milioi euroko inbertsioa espazioan galdurik, agian zulo beltz baten bila, auskalo. Zuloak uretan, lurrean, espazioan, funts publikoa irensten duten zuloak, eta iluntasun horretan zaila izaten da jakiten nork jasoko dituen nahitaezko proiektu zulatzaileen etekinak. Erraz antzematen da, ordea, norengana ez diren iritsiko. Euroak espazioan ihes egin bitartean, Nafarroako herritar askok bi hilabetez itxaron behar izaten dute langabezia saria jasotzeko, hainbat zulo estaltzeko premiazko diru-iturria, Estatuko Enplegu-Zerbitzu Publikoko bulegoak gainezka daudelako.

Zuloak eta arrakalak. Iruñeko Udalak Paola Damontik eman behar zuen orgasmo arrakalari buruzko hitzaldia zentsuratu zuen urtarrilean, Voxeko txiolariek sare sozialetan Damontiren diskurtsoaren «desegokitasunaz» abisatu eta berehala. Agindua eman eta betearazi zuen, baina udal gobernuak ez zuen argitu zertan zetzan hitzaldiaren egokitasun falta: ez dakigu orgasmo oro desegokia ote den, arrakalari leporatu behar ote zaion hitzaldia bertan behera utzi izana edo ikerlari italiarraren ikuspegi feminista izan ote zen debekuaren arrazoia. Urtebete igaro ondoren, udal bereko Herritarren Aferen Batzordeak Enrique Mayaren gobernua gaitzetsi du hartutako erabakiagatik, eta kargu hartu dio. Beharbada Freud zulotik atera behar genuke alkateak aitortu ez digun hitzaldia zentsuratzeko erabakiaren oinarria ezagutzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.