Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Zubi forala

2020ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Muga perimetralik gabeko mundu utopiko batean, atzerritarrak gurera erakartzeko asmotan Nafarroaren dohainak azaltzeko testu bat idatziko banu, zalantzarik ez dut zubi forala aipatuko nukeela.Nola eginen nuke, ordea? Idazkerari kutsu instituzionala eman nahi izatera, Nafarroaren Eguna eta Espainiako Konstituzioaren Eguna lotzen dituela oroitaraziko nuke, eta seguru nago testuaren ikuspegi unionista leporatuko lidaketela zenbaitek ziztu bizian. Ez naiz polemista trebea eta horrelako eztabaidetan galtzen naiz. Beste zerbait bilatu behar nuke. Foru Erkidegoaren sustrai elizkoi sakona nabarmentze aldera, Frantzisko Xabierko Nafarroa Garaiko zaindariaren egunean hasi eta Ama Birjina Sortzez Garbiaren egunean amaitzen dela konta nezake, baina bukaera dataren izena eta izana Interneten bilatu behar izan ditut, eta iturri ez oso fidagarri batetik jaso; hortaz, hobe nuke aipamen erlijiosoa albo batera utzi.

Hedabideetan murgildu naiz inspirazio bila, eta ohartu naiz bide egokia izan litekeela Nafarroaren Eguna —eta forala den guztia— Nafarroako Itun Ekonomikoarekin lotzea, ikasi baitut erakarpen lizuna, kasik pornografikoa, eragiten duela nafar eremutik kanpo. Inbertsoreen eta espekulatzaileen etxeetan, besteak beste. Tamalez, tirabirak ere sortzen ditu lagunen artean, UPNko eta C's-eko kideek aste honetan erakutsi duten bezala. Beste aukera bat izanen litzateke abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dela zabaltzea, eta horrela eginen nuke zeri lotu behar niokeen jakinen banu: Euskaraldia ekimen euskaltzaleari ala berriz ere abenduaren 3ari, euskarak 365 egunez aho bizietatik belarri prestetarako bidea egiten duelako?Zaila.

Beste biderik ez nuke izanen, adostasunaren eta mundu-bakearen izenean opor egun kopurua izanen litzateke nire azalpen testuaren izarra. Ni, behintzat, jaiegunen segidak aurten inoiz baino gehiago erakartzen nau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.