Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Bidaia egin aurrekoa

2020ko abenduaren 24a
00:00
Entzun
Ea ba, ez zaitez despistatu; arreta galduz gero zerbait utziko duzu, azken bidaian gertatu zitzaizun bezala: amaren etxeko giltzak pisuko tiraderan ongi gordeak geratu ziren eta Palmara iritsi zinenean bigarren solairuko auzokideari eskatu behar izan zenizkion. Beharrik amak kopia bat utzi zion. Errepasa ezazu zerrenda, hamaikagarrenez bada ere, ez baituzu atzerabueltarik izanen behin etxetik aterea. Dena den, zerbait faltan duzula ohartuko bazina, ez zenekike non txertatu osatu duzun tetrisean, maletatzarra lehertzear dagoelako. Izan ere, txistorren, galtzontzilloen eta liburuen artean aukeratu behar izanak pista bat eman behar zizun gauza gehiegi hartu dituzula jakiteko. Galtzontzillorik gabe askeago biziko zara. Geroko utzi duzu liburuen arteko lehia, irakurgaia hautatzeko irizpidea hizkuntzen arteko dema bihurturik: gaztelaniazkoa, katalanezkoa ala euskarazkoa? Presio linguistikoari aurre egin ezinik eta status quoa mantentzeko aldera, hizkuntza bakoitzeko liburu bana atera duzu apaletatik, jakinda ere ez duzula hirurak irakurtzeko astirik izanen: Gabilondoren Babel aurretik, Villalongaren Andrea VĂ­ctrix eta Adamsen Iras celestiales. Ea zein bueltatzen den ukitu gabe.

Gogoeta egin ezazu eta berrikusi motxila txikirako erreserbatu dituzun gaiak barnean ote diren: sakelakoa, disko gogorra, hegazkin txartela, giltzak. Ez ahaztu paperak, eskatutako dokumenturik gabe ezin izanen baituzu helmugara iritsi: bidaia egiteko pertsona egokia zarela bermatzen dute PCR negatiboak, Nafarroatik atera ahal izateko erantzukizunpeko adierazpenak eta amaren gaixotasun zerrenda luzea zehazten duen txostenak. Maletako kremailera hausteko puntuan dagoelako eta motxila txikiegia izana, oraindik ez dakizu non gordeko dituzun familiarekin elkartzeko alimaleko gogoa eta, aldi berean, bidaia egiteagatik gaizki ari zarelako erruduntasun sentipena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.