Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Motxila bat, bizi bat

2021eko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Prentsan azaldu da Motxila bat, bizi bat lana aurkeztuko dela gaur Iruñeko Gaiarre antzokiko oholtza gainean. Nazioarteko antzerki talde baten emaitza da, antzezle gehienak Afrikako zenbait herrialdetatik iritsi baitira; Nafarroara ekarri dituen bidaiak, alabaina, ez du inolako antzik antzerkigintzako ohiko birekin, ez bitartekoetan, ez helburuetan. Arriskuz beteriko bidea pateraz egin dute gaurko aktore horietako askok, eta, seguruenik, unibertso artistikoan ibilbide arrakastatsua izatea ez zegoen beren lehentasunen artean. Txaloak gustura baino gusturago hartuko dituzten arren, gaurko saioaren helburu nagusia ez da biharko hedabideetan kritika laudatzaileak jasotzea.

Etxetik oso urrun, bakarrik dauden adin txikiko atzerritarrak dira. Berez, adingabetasuna eta bakartasuna uztartzea lan korapilatsua da, are zailagoa inguru arrotz batean. Galdetu zaienean zergatik hartzen duten parte proiektuan, gazteek erantzun dute beraiei buruzko irudia aldarazi nahi dietela bertako herritarrei. «Orain arbuio handiagoa sumatzen dut gizartean iritsi nintzenean baino», adierazi du antzezlaneko aktore batek. Krisialdiek eskubide urraketa atxikita ekartzen dute, eta egoera orokor konplexuak atzerritarra gaitzesteko bidea errazten du. Ez al da barne jarrera ateratzeko aitzakia merkea? Berdin da nolakoa den, baratxuria baino finagoa izanda ere etorkina kanpotik iritsitako arazoa besterik ez da izanen Europako bizilagun askorendako. Horretan ere euskal herritar ugarik —direnak direla, gehiegi izanen dira, nire uste apalean— europar nortasuna erakusten du.

«Etorkinak gara, noski, baina pertsonak ere bai», aldarrikatu du beste gazte batek. Adierazgarria da ohartarazi behar izatea begi-bistakoa dena. Migrante horietako bakoitzak bere bizipenak ekarri ditu bizkar-zorroan, eta dudarik gabe horien guzien artean ez dira bi motxila berdin izanen. Gizakiok horrelakoak gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.