Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Gogoan dut Korrika

2022ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Gogoan dut Alan eskoziarra Altsasura egun batzuk ematera etorri zenekoa. Korrika hasia zen, eta tropelean sartu ginen Sakanatik pasatu zenean. Oroitzen naiz ekimenak biziki harritu zuela gizona, kasik tabernetan zerbitzatu zioten nanodosiko garagardoak bezainbeste: gaueko ordu txikitan jende andana lasterka ari zen furgoneta bozgorailudun baten atzean, eta leloak oihukatzearekin batera lekukoa pasatzen zen eskuz esku. Zirrara batek hartzen zuen errelebolaria aldaketa bakoitzean, hunkiduraren eta harrotasunaren adierazle.Seguru nago Alanek euskararen aldeko aldarria dezente gustukoago izan zuela zuritoa baino.

Gogoan dut aldi hartan Zegamaraino iritsi nintzela Korrikan—Alanena aspaldi gertatu zen, XL neurria oraingoa baino zabalagoa zen eta den-dena letra handiagoan idazten zuten garaian—, eta ezin izanen dut sekula ahantzi hurrengo eguneko gihar-min gogoangarria. Era berean, ahantzezin ere badut Nafarroako Erriberan lekukoa hartu nuen gaua: zirrara horrek astindu ninduen egurrezko makila jaso nuenean, furgonetatik ateratzen ziren esloganak arnasestuka osatzen saiatzen nintzen bitartean. Korrika hartan ohartu nintzen Erriberako kilometroak mila metro baino luzeagoak ziren arren, lekukoa eskuan arinago egiten zirela.

Gogoan dut UPN agintean zela nire lehenengo Korrika haietan parte hartu nuenean, eta buruan dut gobernu foralak oztopoak jartzen zizkiola herri-ekimenari. Tira, oro har, euskarazko jarduera oro eragozten saiatzen zenNafarroako alderdi eskuindarra. Hein handi batean, bidegabekeria horrek ere bultzatzen ninduen Korrikan parte hartzera, hurrengo eguneko agujetak ahaztuta. Gogoan dut UPNren jarrera, eta, tamalez, izanen dut, bere teman segitzen baitu alderdiak. Fobia burutik ezin kenduta, ez da euskaldunen hizkuntza-eskubideen aurkako gurutzada eteteko gauza; eskumena duen eremuetan, behintzat.

Gogoan dut Korrika, baita gogoko ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.