Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Hunkidura

2022ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Astegoiena pantaila bati begira eman dut; errepiderik errepide ibili den euskararen aldeko lasterketari begira. Une batzuetan hotza sentitzeko gauza ere izan naiz; batez ere, ordu txikietan, batez ere Araba eta Nafarroako zenbait tokitan. Rutger Hauerrek zioen bezala, sinistuko ez zenituzkeen gauzak ikusi ditut.

Badakit, baina, zu ez zaituela harrituko esaten badizut hotzari eta gauari aurre eginez izan direla zoro zoragarriak egurrezko makila eskuetan antxintxiketan eta arineketan Donostiara bidean. Zuk badakizu zer den lasterketa hau eta zergatik egiten den. Badakizu, jakin, Euskal Herriko hegoaldean luzeak eta bakartiak direla errepideak. Beltza ez den furgoiaren argiek ahalbidetzen dutela ari direnen bidea. Nik ere sentitu dut hunkidura, aitortzen dut. Elurra ere etorri da apirilaren hastapenean, errepide horietako batzuk zuritu ditu irudi epikoak uzteraino. Araba aldean, ordu txikietan, furgoia hartu zuen elurrak, eta korrika ari zirenak izan ziren furgoia bultzatu eta ataka larritik atera zutenak. Ostean lasterketari ekin zioten. Eta akordura etorri zitzaidan Unai Iturriagak Gara egunkarian duela egun batzuk ateratako marrazkia: furgoi barruan korrikalariak animatzen joaten denak, artega, esaten die botea jarri beharko dutela furgoiaren gasolina (oso garestia) ordaintzeko. Nik irudikatu nituen botea jartzen, furgoia elurretatik ateratzen ikusi nituen bezala.

Kontua da hau nahikoa ote den hizkuntza bati eusteko. Hamaika egun hauetan ikusten/erakusten ditugunek ez ote dieten euskararen egunerokotasunetik urrun daudenei erreala ez den irudia emango. Ondo legoke, epikotasunetik at, errealitatean, guztiok beti-beti bageunde gu euskaldun; elurrak hartzen duenean furgoia eta botea jarri behar denean ere. Gu ez hain mugarritu batean gutxiagotan hartuko gintuzketelako; etsiak, estres linguistikoak, haserreak, eta zuk dakizkizun horiek denak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.