LARREPETIT

Zahar errebeldeak

Blanca Urgell
2022ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Arantxa Urretabizkaiari Itziar Ugartek BERRIAn egin zion elkarrizketari (2022-06-16) bospasei azpimarratu egin nizkion, eta gaur ere gogoz berrirakurri dut.

Zure adinaren arabera, irakurle, ez zenituen ezagutuko lehengo bikoteak, emakumeak gizonari besotik helduta ibiltzen zirenak: argazkietan akaso. Gurasoak hala ibiltzen ziren, eta modernotu zirenean aitak amari lepotik helduta. Alabaina, arestian ohartu naiz aitona-amona batzuk eskutik helduta dabiltzala. Euren janzkerak ere salatzen du Urretabizkaiak dioenak direla: «...sindikatu eta alderdi politiko klandestinoak sortu zituztenak, ikastolak, abortuaren eskubidea lortu zutenak, antisorgailuaren alde borroka egin zutenak». Edo, xumeago, aurrelari haiei adore, babes eta bozka eman zizkietenak, halakoetan bizi-eredua aurkitu zutenak, beren inguru txikian iraultza txikiak egin zituztenak, gurasoen aurrean, auzokideen aurrean, poliziaren aurrean ere bai zenbaitetan.

Keinu txiki horretan, eskutik helduta ibiltzean, zahartzaro eredu berri baten esperantza ikusi nahi nuke, Urretabizkaiaren hitzetan bezala. Zertan datzan ezin jakin, baina uste dut aski liratekeela pentsio duinak, teknologia eragozpen izan ez dakien ikastaro edo bitartekoak, eta gizartearen gutxieneko konfiantza zahartuz gero ere txukun bizitzen jakingo dutela, osasuna lagun, gehiegizko tutoretzarik gabe, zahar-etxeetan balitz ere (ahaleginean, hobeto elkar zaintzeko komunitateetan).

Tamalez, ez dago garbi zein den zahar-en etimologia. Hiztegi etimologikoak dioenetik honekin geldituko naiz: danieraz gammel-ek negu askotakoa esan nahi du jatorriz, eta euskaraz, *zan-ar < *zan-hor balitz, agian zainkorra litzateke (zain < *zan-i), edo izankorra (izan < *i-zan). Zain edo erroetan ugari izan zein izan edo bizitakoetan, zaharrak errebelde behar ditugu, duela berrogeitaka urte bezala. Orain ere euren atzetik goaz eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.