nerea loiola pikaza
LARREPETIT

Ez dut ezer sentitzen

2022ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Denak du bukaera bat. Mundua mundu denetik ez da horrelako egiarik egon. Eta maitasuna ez da arau hori hausten duen salbuespena. Bizitzak igaro egiten gaitu, bultza egiten digu, harrapatu, eraitsi eta berreraiki; eta, horrekin batera, ezinbestean, etapa berriak ireki eta ixten zaizkigu. Errealitatearen joko-arauak ulertuta ere, betikotzat ematen genuen maitasun harreman hura amaitzean, ezinezkoa zaigu une batez geure buruari halakorik ez galdetzea: Nire errua izan da? Saihetsezina al zen?

Selfie, Tinder eta kapitalismo hiperkontsumista garaietan, benetan maitemindu al gaitezke geure burua ez den beste norbaitekin? Itsutuko gaituzten bizipen eta harremanen ehizan gabiltza, adrenalina, oxitozina eta bestelako -ina guztiak exijitzen ditugu. Behar ditugu. Baina, zer gertatzen da gero, pasioa hiltzen denean? Eta, zergatik amaitzen dira harremanak ia beti gaizki?

Liv Strömquist idazle suediarra galdera hauei erantzuna ematen saiatu da eta maitasunaren amaieraren erradiografia bat garatu du No siento nada (Reservoir Books) izenburua duen saiakera grafiko bikainean. Muturreko nartzisismoaren aroan, gizakiok gure sentipenekiko dugun atxikimendu ezaren analisia egiten du; gaur egun daukagun informazio guztia izanda ere fenomeno ulertezin eta esplikaezin bihurtu baita. Tonu ironiko bezain zorrotzean, umorea ardatz hartuta, azaltzen digu, adibidez, zergatik daramatzan Leonardo DiCapriok hogei urte 22 urteko modelo ederrekin eraikitako harreman batetik bestera salto egiten.

Gure amodio-genealogiaren inguruan hausnartzen jartzen gaitu, zergatik hautatu genuen bikotekide hura, nola jokatu zuen beste hark gurekin; zalantzan jarri ditugun hamaika erabaki ulertzera hurbiltzen gaitu; lotsak eta egoak astintzen dizkigu umorez marrazturik. Zer eta, bukaeran, dena zalantzan jarri eta pikutara bidaltzeko; munduko beste egia bat delako maitasunean ezer ez dela segurua.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.