Angel Aldarondo.
ZIN-ZINEZ

Sinplekeriak

2015eko irailaren 9a
00:00
Entzun
Aurtengo Donostiako Zinemaldian Mad Max: Fury on Road filmari Fipresci sari nagusia emango diotela adierazi dute, eta berehala polemika piztu da. Ez dut ulertzen zinemazale horien asaldura. Aurrez ikusteko modukoa zen George Millerren akziozko pelikula western-distopiko-post-apokaliptiko-punkiak saria irabaz zezakeela, sekulako kritika onak jaso baitzituen nazioarteko kritikarien artean —eta saria kritikarien federazioak banatzen du—. Sari aski logikoa, beraz, beranduegi inor ezustean harrapatzeko.

Aitortu beharra daukat sari honek bereziki pozten nauela. Alde batetik, bere generoko maisulana iruditu zitzaidalako, aurten ikusi ditudan filmetatik ikaragarriena. Bestetik, Fipresciko kideen ausardia erakutsi didalako, zinemazale puristek serio hartzen ez duten generozko filma izateagatik, zinezko zinemaldietako programatzaile burudunek gutxiesten dituzten horietarikoa, esnobismoari lekurik ematen ez diona.

Sinplea dela diote. Hori txarra izango balitz bezala. Baina ba al dago azken Fipresci saridunak baino ezer sinpleagorik? Nekez pentsatu dezaket Boyhood, La Vie d'Adèle eta Amour baino pelikula sinpleagorik —eta zoragarriagorik, aldi berean—. Baina badirudi film bat errespetagarria izan dadin erakusten dizkigun emozioek intimistak izan behar dutela. Ikuskizun entretenigarriak, ordea, nahiz eta gai humanistak, ekologikoak eta feministak erakutsi, sinplekeriatzat hartuko dituzte. Goitiberen jaitsierak.

Genero batzuek oraindik aurreiritzi handiak sufritzen dituzte. Tolerantea izatea ez da soilik gure gustukoa ez den zerbait errespetatzea; baita gorroto duguna ere —reggaetoia barne—. Niri, adibidez, Citizen Kane —postureozaleek euren top10 zerrendan sartzen duten filma— munduko gauza aspergarriena iruditzen zait. Eta Inception filma —edo sudokua, edo dena delakoa— nire bizitzan ikusi dudan gauzarik txarrena da. Baina halere ez nau harritzen lortutako arrakastak; gure gustuek ez gaituzte zertan itsutu besteek ikusten dutenaren irudipena izateko.

Aurten, Zinemaldiko Sail Ofizialean manga film bat lehian izango da. Harakiriak ikusiko ditugu aretoaren irteeran?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.