Donostiako 66. Zinemaldia

Esnalek Sail Ofizialean aurkeztuko du 'Dantza', emanaldi berezietan

Iciar Bollain, Isaki Lacuesta, Rodrigo Sorogoyen eta Carlos Vermuten lan berriak Urrezko Maskorra lortzeko lehian izango dira. Jose Luis Cuerdaren 'Tiempo después' emanaldi berezietan estreinatuko dute
Telmo Esnalek zuzendutako <em>Dantza</em> filmaren irudi bat.
Telmo Esnalek zuzendutako Dantza filmaren irudi bat. TXINTXUA FILMS

Ainhoa Sarasola -

2018ko uztailak 21
Telmo Esnalek ibilbide luzea du zinemagintzan, eta, bide horretan, ez zaio arrotza Donostiako Zinemaldian parte hartzea. Jaialdiko Zuzendari Berriak sailean aurkeztu zituen bai Aupa Etxebeste! (2005) —Asier Altunarekin batera zuzendu zuena, eta Gazteriaren Saria irabazi zuena—, bai Urte berri on, amona (2011). Oraingoan, baina, Sail Ofizialean izango da lehen aldiz; Dantza lan berria erakutsiko du lehiaz kanpo, emanaldi berezien atalean. Horrenbestez, Txintxua Films ekoiztetxearen bi film aurkeztuko dituzte Zinemaldian: Dantza-z gain, Koldo Almandozen bigarren lan luzea, Oreina, Zuzendari Berriak saileko lehian egongo da.

Iaz, Dantza-k jaialdiko Glocal in Progress Industria saria irabazi zuen, hizkuntza ez hegemonikoetan ondutako ekoizpenak sustatzeko programaren lehen urtean. Esnalek bizitzaren eta heriotzaren zikloari buruzko istorio bat eraiki du, zeinetan denboraren iragatea naturaren ibilbideak markatzen duen. Eta hori kontatzeko, zinemagileak dantzaren lengoaia hautatu du. Euskal dantzen sinboloak eta metaforak oinarri hartuta, filmak hainbat gai unibertsal ukitzen ditu. Besteak beste, Esnalek Juan Antonio Urbeltz eta Koldobika Jauregiren laguntza izan du filma ontzeko.

Atzo Madrilen eginiko aurkezpenean, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eta Ruth Perez de Anucita Komunikazio arduradunak hainbat pelikula iragarri zituzten, Dantza-z gain, Sail Ofizialean eta jaialdiko beste atal batzuetan erakutsiko dituztenak. Urrezko Maskorra lortzeko lehian izango diren beste lau filmen izenen berri eman zuten: Iciar Bollainen Yuli; Isaki Lacuestaren Entre dos aguas; Rodrigo Sorogoyenen El Reino; eta Carlos Vermuten Quién te cantará.

Hirugarrenez izango da Bollain Sail Ofizialeko lehian: Te doy mis ojos (2003) eta Mataharis (2007) bertan aurkeztu ondotik, Carlos Acosta dantzariaren istorioa kontatzen duen filma erakutsiko du orain. Londresko Royal Balleteko dantzari nagusi bihurtu zen lehen beltza izan zen Acosta, eta bera da filmeko antzezle nagusia.

Lacuestak ere hirugarren aldia izango du lehian, baina laugarrena Sail Ofizialean, 2014an lehiaz kanpo erakutsi baitzuen Murieron por encima de sus posibilidades. Hori baino lehen, Los condenados (2009) eta Los pasos dobles (2011) aurkeztu zituen lehiara. Entre dos aguas aurkeztuko du orain; betan, haren lehen filmetako batean —La leyenda del tiempo (2006)— nerabe zirela agertu ziren bi anaia ijito dira protagonista.

Carlos Vermutek ere badaki zer den Urrezko Maskorra irabaztea: 2014an lortu zuen, Magical Girl bigarren filmari esker. Quién te cantará lan berrian, agertokietara itzuli baino pixka bat lehenago memoria galduko duen abeslari bat jarri du protagonista.

Rodrigo Sorogoyenen El Reino filmak, berriz, ustelkeria kontuetan nahastutako politikari bat du protagonista. Zinemagilea lehenago ere izan zen Sail Ofizialeko lehian: gidoi onenaren saria irabazi zuen 2016an, Que dios nos perdone lanari esker.

Barberren lana, Zabaltegin

Dantza-z gain, gutxienez beste bi ekoizpen ere izango dira Sail Ofizialean baina lehiaz kanpo. Batetik, Jose Luis Cuerdak Tiempo después aurkeztuko du, Amanece, que no es poco bere film ezagunenetakoaren sekuela. Emanaldi berezien artean emango dute lan berria. Aurtengoarekin, zinemagileak laugarren aldia izango du Sail Ofizialean: aurrez, Pares y nones (1982), El bosque animado (1987) eta La lengua de las mariposas (1999) aurkeztu zituen.

Bestetik, telesail bat ere izango da Sail Ofizialean: Enrique Urbizuk eta Jorge Doradok zuzendutako Gigantes. Jaialdiak bigarren urtez erabaki du telesail bat sail nagusian sartzea; iaz, Alberto Rodriguezen La peste-ren bi atal eman zituzten Kursaalean.

Jaialdiko beste atalei dagokienean, aurrez iragarritakoez gain, beste hiru izenburu jakinarazi zituzten Zabaltegi-Tabakalera sailean. Horien artean dago Maddi Barber zinemagile nafarraren 592 metroz goiti film laburra, aurtengo Kimuak sortakoa eta Itoizko urtegiaren eraikuntza ardatz duena. Harekin batera, Lola Ariasen Teatro de guerra film luzea eta Elena Lopez Rieraren Los que desean laburra ere erakutsiko dituzte sail berean.

Perlak saileko zerrendari, berriz, Jaime Rosalesen lan berria gehitu diote, Petra.

Irailaren 21etik 29ra egingo dute Donostiako 66. Zinemaldia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna