Noiz sortua: 2020-02-13 00:30:00

Grafologoen ustez, ezin da ziur esan idatzien egilea Gil denik

Adierazi dute «antzekotasunak» daudela idatzietan, baina uste dute «ondorio irmoak» ateratzeko egungo metodologia ez dela aski
Eliseo Gil eta Ruben Cerdan akusatuen aulkian.
Eliseo Gil eta Ruben Cerdan akusatuen aulkian. JUANAN RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2020ko otsailak 13
Iruña-Veleiako grafitoak aztertu dituzten grafologoek «antzekotasunak» aurkitu dituzte idatzien morfologian, baina, haien ustez, ezin da baieztatu pertsona bakar batek egin zituenik. Adituen arabera, gaur egun erabiltzen den metodoa ez da nahikoa ondorio argirik ateratzeko, eta, beraz, ezin da ziur esan idatziak Eliseo Gilek egin zituenik. Hala berretsi zuten atzo, kaligrafian adituak diren bi ertzainek eta Arabako Foru Aldundiarentzat grafologia txostena egin zuen Alicia Martinezek Arabako 1. Zigor Epaitegian epaiketaren zortzigarren egunean.

Grafologoek egindako txosten horiek dira, hain zuzen, Eliseo Gil aztarnategiko zuzendari ohiaren aurka akusazioak dituen helduleku nagusiak. Izan ere, adituek diote «antzekotasunak» daudela pieza horietan agertu ziren idatzien eta aztarnategian antzezpenetarako sortu zuten egurrezko egitura baten artean. Egitura hura erromatar garaiko komun baten erreplika bat zen, eta azalpenak emateko sortu zuten Lurmen enpresako arduradunek. Egurrezko kaxaren gainean marrazki batzuk eta idatzi batzuk egin zizkioten. Eliseo Gilek aitortu izan du egurrezko egiturako marrazkiak berak egin zituela; ez, ordea, idatziak.

Bi euskarrien arteko kaligrafia aztertu duten adituek azpimarratu zuten, ordea, konparazio hori egiteko egun erabiltzen den metodoa ez dela nahikoa egile bakar batenak direla ziurtasun osoz esateko. Ertzaintzako bi agenteek azaldu zuten idatziak ezohiko euskarrietan eginda daudela eta, beraz, forma bakarrik azter daitekeela. «Metodologia berri bat» garatu beharko litzateke horretarako, haien hitzetan. «Ez dugu zalantza egiten antzekotasunetan, erabilitako metodologia zientifikoan baizik». Idatzien artean «antzekotasunak» daudela berretsi arren, azpimarratu zuten «sinpleegiak» direla egile bakar bat izan zutela baieztatzeko.

Iritzi berekoa da Alicia Martinez ere: «Ezohikoa» da auzia, eta ez dago aurrekari moduan erabil daitekeen antzeko beste kasu edo txostenik. Arabako Foru Aldundiaren enkarguz jaso zuen grafologia txostena egiteko ardura. Berretsi zuen egurrezko egituraren eta buztinezko piezen arteko idatzietan antzekotasunak badirela: «Adierazgarriak dira, nabarmenak». Zehazki, hamalau letren morfologian aurkitu zituen antzekotasunak adituak.

Hala ere, Ertzaintzako adituen gisara, Martinezek ere ezin du ziurtzat eman pertsona bakar batek egin zituenik guztiak, «zuhurtziagatik» bada ere. Izan ere, idatziak eginda dauden euskarriak desberdinak dira, eta, beraz, ezinezkoa da «presioa», «abiadura» eta halako ezaugarriak aintzat hartzea, paperean ez bezala, egurrean edo buztinean egindako idatziak ikertzeko metodorik ez dagoelako.

Gilen defentsaren galderei erantzunez, Martinezek adierazi zuen konparazioa argazkien bitartez soilik egin zuela. Esan zuen, ordea, «kalitate nahikoa» zutela egin zioten eskaera hura ikertzeko; alegia, pertsona bakarrak egin ote zituen guztiak ala ez egiaztatzeko, eta horregatik ez zuela eskatu pieza originalak ikustea. Erantsi zuen, halaber, ikerketa egurrezko egituran azaltzen ziren idatziekin bakarrik egin zuela, eta ez irudiekin. Horiekin ere egin zitekeela uste du, baina argi du ikerketa horretan ere ezinezkoa izango zatekeela ondorio irmorik ateratzea.

Baldeon, herenegun

Astearteko saioan Amelia Baldeon Arabako Museo Arkeologikoko zuzendari ohiak erantzun zituen akusazioen eta defentsen galderak. Hura zen erakundeko arduraduna 2005ean eta 2006an, Iruña-Veleiako ezohiko grafitoak agertzen hasi zirenean, baina 2009an kendu zuen postutik Arabako Aldundiak, eta Arma museoko arduradun jarri. Baldeonek epaiketan esandakoaren arabera, Iruña-Veleiako piezen inguruan zuen jarreragatik jasandako zigor bat izan zen kargu aldaketa. 2008an Arabako Aldundiak sortutako batzorde zientifikoan ere egon zen Baldeon, eta, epaiketan salatu zuen bezala, aurkikuntzak faltsuak zirela esateko «presioak» jasan zituen han. 2006an Joaquin Gorrotxategi hizkuntzalariak piezen benetakotasunari buruzko kezka azaltzen zuen eskutitz bat eman ziola ere kontatu zuen. Gorrotxategik itxita eman zion eskutitza, baina azaldu zion haren edukia. Zuzendariak, ordea, ez zion haren berririk inori aipatu, harik eta adituen batzordea martxan jarri zen arte. Epaiketan ez zuen horren zergatia azaldu.

Arabako Foru Aldundiko bi zaharberritze adituk ere deklaratu zuten asteartean: Paloma Lopezek eta Isabel Ortizek, hain zuzen ere. Pieza batzuetan lur geruzek idazkien aurkikuntzak zaildu zitzaketela ere aipatu zuten, adibidez, eta markak duela gutxi eginak izan balira, argiago ikusiko liratekeela. Gilen defentsaren galderei erantzunez, beste datu bat ere eman zuten teknikariek. Izan ere, aztarnategiak piztutako susmoen ondoren, 2007tik aurrera piezak Arabako Arkeologia museoan garbitzen hasi ziren, indusketetan bertan garbitu beharrean. Garbitutako piezetako batean hegazti baten irudia agertu zitzaiela esan zuten langileek asteartean. Abisua eman zutela, eta, horren ostean, berehala jaso zutela garbiketak bertan behera uzteko agindua.

Epaiketak gaur jarraituko du aditu gehiagoren deklarazioekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna