Haendelen 'The Messiah' emango dute gaur Bilbao Sinfoniettak eta Kup taldeak

Donostiako Viktoria Eugenia antzokian izango da kontzertua. Carlos Mena, Jone Martinez, Josu Cabrero eta Elias Arranz bakarlariak ariko dira kantuan, eta Iker Sanchez Silva zuzendari

Bilbao Sinfonietta taldeko kideak, Bilbon. DONOSTIA KULTURA.
Olatz Enzunza Mallona.
2023ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Bilbao Sinfoniettak eta Kup taldeak Georg Friedrich Haendelen The Messiah obraren bertsioa aurkeztuko dute gaur, 19:30ean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. Haendelen obrarik ezagunenetakoa da, eta haren bertsio gaurkotua izango da publikoaren aurrean eskainiko dutena. Iker Sanchez Silvak zuzenduko ditu bi taldeak, eta lau ahots bakarlari arituko dira kantuan: Carlos Mena (sopranista), Jone Martinez (sopranoa), Josu Cabrero (tenorra) eta Elias Arranz (baritonoa). Joan den abenduaren 22an estreinatu zuten lana, Bilboko Arriaga antzokian.

1741ean sortu zuen obra Haendelek, Dublinen egindako egonaldian. Karitateko erakundeen aldeko ongintzazko kontzertu bat antolatu zuen The Great Music Hall aretoan, eta bertaratutakoek han entzun zuten lehenengoz urtebete lehenago idatzitako seigarren oratorioa: The Messiah. «Ikusmin handia piztu zuenez, hurrengo emanaldietara gizonei ezpatarik gabe joateko eta emakumeei soineko handirik ez janzteko eskatu zitzaien, auditoriumeko espazioa hobeto aprobetxatu ahal izateko», kontatu dute antolatzaileek.

Ordutik hona obrak hainbeste bertsio izan dituenez eta hainbeste aldiz interpretatu denez, «ikuspegi ezberdinen trukea» eskainiko dutela aurreratu dute bi taldeek: «Entzuleekin musikaren historiako oratorio garrantzitsuenetako eta interpretatuenetako baten irakurketa aberats, zintzo eta leiala partekatu nahi dugu».

Hiru zati

Eguberriekin lotuta dago nagusiki The Messiah obra. Charles Jennens libretogileak idatzi zuen testua, eta hainbat eszenatan azpibanatutako hiru ekitalditan antolatuta dago. Obra erlijiosoa da, eta, tarteka, Bibliako zatiak agertzen dira.

Abendua eta Eguberria ditu gai nagusi lehenengo zatiak. Mesiasaren etorrera iragartzen da, eta hainbat goraipatze une biltzen dira bertan. Bigarrengoan, pasioa, berpiztea eta igokundea hartzen dira ardatz. Tristezia izango da nagusi hasieran, baina, eszenek aurrera egin ahala, pozak hartuko du indarrik handiena. Hallelujah kantu ezagunarekin emango zaio amaiera atal horri. Amaitzeko, azken epaiketa du hizpide hirugarren eta azken zatiak.

Bilbao Sinfoniettak eta Kup taldeak moldatu egin dute kontzerturako programa, eta ez dute obra osorik interpretatuko. Hala ere, biek aurreratu dute hiru zatien arteko «lotura tonala eta dramatikoa» ikusaraziko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.