Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Misterio politiko bat

2019ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Ez ditut atsegin bizitza pertsonala lantzen duten zutabeak. Agian Ulrike Meinhof zutabegilea delako nire erreferente nagusietako bat. Eta, ordea, gaur salbuespen bat egingo dut.

Souvenir gisa, jaio nintzen eguneko egunkarien bilduma egin zuten gurasoek. Bilduma hartako berripaper batzuk jada ez dira existitzen (El Alcázar, Ya, Navarra Hoy). Beste batzuekin haurtzarotik nerabezarorako bidea egin genuen etxean (Egin, Egunkaria, Calvin eta Hobbesen El Mundo). Ostiraletan Zabalik. Institutu garaian Argia eta Gaztetxulo.

Baina igandero Gara erosten badut ez da gurasoengatik. Niretzako Gara delako aitona etxeko sukaldean hasi eta buka irakurtzen egunkari osoa. Eta handik minutu gutxira, esaldi batean trabeska esaten zuen «porque aquí en España». Amonak zerura begiratzen zuen eta amonestaziozko ulu isil bat egiten.

Lizarra-Garazirekin hasi nintzen politikaz zerbait ulertzen eta, zin dagizuet, nire aitona-amonena misterio politiko handienetako bat zen. Ulertu nuen «Eres lo que lees» falazia metaboliko nabarmena zela: jende askeak irakurritakoarekin eztabaidatzen du, ez ditu katiximak behar. Aitonak Miguel Sanzi deitzen zion El monaguillo. Beti nabarmendu zigun Iruñerria hegoaldeko soroetara uzta-makinaren eta gari-jotzailearen lana batera egiten zituen gailu berriaren onurak eta Itoizko urtegiaren eta AHTaren kontra zegoen. Amatxi Euskal Jairen alde zegoen, berarentzako 1930eko hamarkadako gazteen gauza bera egiten zen pilotaleku hartan: dantzatu, eztabaidatu, kirol pixka bat, sagardoa edan, zinera joan.

Epaile jaunari Marcelinoren patua opa nahi nioke. Eta halere, ados nago «enpresen ondorengotza ideologikoa» sententziarekin. Egin-ek eta gero Gara-k, (Arrasate Pressek eta gero Goiena-k bezala) lotu dituztelako hiru mende 1872-1897-1934-1936-1951-1958-1975-2003. Gure amatxien amatxien garaia, gure alaben garaiarekin.

Ez da aski izango igandero bakarrik erostearekin, zeren zelulosa ezin da eten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.