Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Non daude aitak?

2019ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Duela urtebete, ezagun baten aita hil berritan beilatokira joan ginen lagun bat eta biok. Doluminak eman ostean lagunak eta biok kafea hartu genuen gertuko taberna batean. Lagunak esan zidan beilatokian bazirela zenbait emakume heterosexual ama izan nahi zutenak eta izango ez zirenak. Eta, bazirela, aldi berean, aita izateari uko egin zioten gizon heterosexualak ere. Hasi ginen pentsatzen eta baziren bikote batekin ama izan nahi zutenak eta horretarako gizonik aurkitu ez zutenak. Baziren urte luzeko harremanaren ostean emakumeak afera mahai gainean jarri eta gizonek alde egindakoak. Profil bat gailentzen zen: emakumeak ama izan nahi zuela esatean gizonak seme-alabarik ez izatea proposatu eta ordura arteko harremanarekin segitzekoa. Alegia, gizonek nahi zuten ama izan nahi duen emakume batek ama izateko aukerari uko egitea.

Eva Illouzek nabarmentzen duenez, gaur egun, ohikoa da gure pentsamenduak arrazionalki eta, aldi berean, emozionalki artikulatzea. Gure bizitza kalkulua da. Harremanei buruz pentsatzean, kalkuluak egiten ditugu, merezi du emozionalki? Ekonomiki? Tenporalki? Geure burua gobernatzen dugun pertsonak bihurtu garela kontatzen diegu geure buruei. Geure buruen lehendakari eta lehendakariorde. Illouzen hitzetan «kapitalismoak arrazionalitatea giza ekintzen adierazgarri ia omnipresentea bihurtu du». Eta, beraz, afera jada ez da norbaitekin kafe bat hartzeko gogoa duzun, ala seme-alabak izango zenituzkeen. Afera da, lehenago, kalkulatu behar duzula ia merezi duen, egun egiten dituzun zenbat gauza ezingo dituzun egin. Zure bizitzaren kudeatzailea zarelako, eta ongi egin behar duzu, topera probestuz berdin aisia zein lana. Eta hor, kalkulu horretan, inguruko gizon askori ez zaizkie kontuak ateratzen ongi.

Birsortzea garesti jarri da, eta ez soilik kapitalismoak sortutako prekaritateak bizitza bideragarri egiten ez duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.