Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Estresak joak

2020ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Nork bere erara bizi du estresa. Asteak amaigabeak izaten dira lagun batzuendako: astelehenetik ostiralerako bidea mantso-mantso egiten dute, horren geldi non helmugara iritsiko ote diren zalantzazko duten. Okerrena da hilean lautan ohartzen direla asteburua lanegun itogarrien luzapena besterik ez dela. Niri alderantziz gertatzen zait: egunak, asteak eta hilabeteak ziztu bizian pasatzen zaizkit. Horren azkar joaten dira egunak non arreta gunetik kanpoko aferak oharkabean pasatzen zaizkidan, eta albisteen zertzelada nahasiak besterik ez dut jasotzen. Nahi gabe Trumpek etxeratze agindua ezarri du Fustiñanan moduko lerroburuak erregistratzen ditut disko gogorrean.

Mandatari oro etengabeko estresean bizi omen da; gizakiak izanik —baten bat bere izaera jainkotiarraz erabat konbentziturik egon arren—, norberak bere modura kargatzen du zama. Gainerako hilkorron antzera, batzuei egunek azkar demonio egiten diete ihes, eta horregatik ezin diete beren interesetatik kanpoko auziei kasurik egin. Zoritxarrez, hainbat herritarren beharrak burbuilatik at geratzen dira. Esaterako, Maia alkateak Iruñeko Prebentzio Ekintzako Zerbitzu Komunitarioak ixteko asmoa du eta Coworkids izen adierazgarrikoaz ordezkatu, auzoetako haur eta nerabeak bazter utzita.

Beste agintari batzuei, ordea, amaiezin bilakatzen zaizkie legealdiak; arrazoi horrengatik kostatuko zaie erabakiak hartzea, moteltasunaren moteltasunez. Aurreikusitako arazoak, ordea, puntualtasun suitzarraz iristen dira hitzordura —izurritearen bigarren olatua, adibidez—, politikariak berandu samar ailegatzen diren bitartean. Txibite presidenteak adierazi berri du orain—kontzeptu malgua— handituko duela —definizio lausoko aditza— inbertsioa zerbitzu publikoan. Orain, osasun zentroetako langileak lanez gainezka direnean. Baliabide eskasetan zerbitzu duina eskaintzen saiatu behar denean ikastetxeetan. Itolarria hedatua denean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.