Blanca Urgell
LARREPETIT

Lehoiaren ehizan

2020ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Internetik ez, orduan, zoorik ezta ere, eta bizpahiru lekutan bakarrik ikusten genituen lehoiak: zirkuan, Tarzanen pelikuletan eta 'Leoncio el león y Tristón' marrazki bizidunetan. Halere, duela milaka urte hemen bizi ziren, lehenik haitzuloetakoak (Panthera spelaea) eta gero egungo lehoiak (Panthera leo): Jesus Altuna eta Koro Mariezkurrenaren arabera (2016), bataren hezurrak Lezetxikin (Arrasate) eta Arrikrutzen (Oñati) agertu dira; bestearenak hainbat tokitan, artean azkenetakoak Azoletan (Gorbeia, Araba). Gehi bi lehoi eder Armintxen (Lekeitio) grabaturik, Altxerrin (Aia) lehoia dirudien margoa, eta elur-oreinen adarrean landutakoa Izturitzen.

Aspaldiko kontuak dira horiek. Europa ekialdean soilik iraun omen zuten lehoiek Oraingo Aroaren (O.A.) ondoko hiru-lau mendeetan; hortik Greziako mitologian-eta daukaten garrantzia. Mediterraneoan zehar, kostarik kosta, etorri bide ziren atzera berriz Penintsulara, oraingoan harrizko forman: iberiar artean topatu dira irudi bikainak, azkena Kordoban duela egun gutxi, ahuntza hortz artean duela.

Ez dakigu iberieraz nola zuten izena, baina lehoi euskal hitza noizkoa den, haren itxurak esango digu zerbait. XVI. mendean dugu idatziz lehenengoz. Latinetik dator, baina, deklinabidea galtzear zuen latin berankorreko leone kasu (ia) bakarretik. Orduko (aitzin)euskaldunek ere leone esaten bide zuten; gero bokal arteko n hasperendu eta *leohe ahoskatzen zuten, bokalak sudurkarituz. Geroago sudurkaritasuna galdu eta h3 > h2 izeneko mugimendua gertatu zen (*leohe > *lehoe). N-aren galera O.A. III-IX. mendeen artean, agian V. mendearen bueltan gertatu bazen, hitza lehenagotik izan behar euskaran. Baliteke, beraz, akitaniarrek, baskoiek-eta irudizko lehoi haien berri izatea, edo Inperioko zirkoetan zebiltzanena, edo bestela euren ondorengolehenengo kristauek Bibliakolehoiena. Urrutiko intxaurrak, dena dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.