Goizalde Landabaso
LARREPETIT

'Parliament'

2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Samy (Xavier Lacaille) frantses gazte bat da; ikasketak amaituta bere bizitzako lana hasi behar du, non eta Europako Parlamentuan, Bruselan. Parlamentuan oinak ipini eta atoan ikasiko du pentsatzen zuen guztiak ez duela balio. Bere nagusia, hiru urteren ostean, zuzenketa soil bat egiten ere ez dakien Michel Specklin (Philippe Duquesne) frantziar europarlamentaria da. Helburu bakarra du Europan: ahalik eta gutxien egin. Ez da alferkeria, ezintasuna da. Ez da bakarra, brexit-aren alde dagoen britainiar europarlamentariaren buruhausterik handiena puzzle bat amaitzea da. Hori abiapuntu, hamar kapituluetan zehar barre egin dezakegu Parliament izeneko telesailean. Karrajoan barrena Europako barru barrenetan gertatzen direnak ezagutuko ditugu, erabakiak hartzen diren moduak...

Inguruan baditut Europako Parlamentuan lan egindakoak eta hortik zerbait benetakoa ote zen galdetu nien. «Horrela da, hain zuzen ere». Umorea duen edozer gauza bilatzen ari naiz asteotan. Barre egiteko beharra sentitzen dut, barrea urdailean bihotzerre bihurtuko bada ere.

Umorea ezinbestekoa egiten zait bizitzeko. Beti pentsatu izan dut pertsona umoretsua naizela. Eta, hala ere, gutxi egiten dut barre, batik bat txisteekin. Gure familiak badu umore beltzerako joera izugarria, unerik gorrienetan ateratzen dena. Uste dut kataklismoei aurre egiteko aurkitutako defentsa tresna izan dela, bizitza gordinegia zenean garatu zuten superboterea. Ez dakit geneetan daramagun umorea, ziurrenen ikasi egiten den ariketa bat da, eta, gauzak ikusita, nire belaunaldiak ondo ederto ikasi ditu superbotere horien sekretuak. Alfredo Bryce Echenique idazleak zioen tximistorratz ezinbestekoa dela umorea bizitzari aurre egiteko, eta umore ironikoaren alde egiten zuen, unibertsoa deseraikitzeko balio duelako. Batzuetan txismistorratzik gabe bizitza ezinekoa baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.