Samara Velte.
LARREPETIT

Trumpen legatua?

2021eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Urte berria lasai zetorrela uste bagenuen, oker geunden. Errege Egunak telebista piztera behartu gaitu, AEBetan gauzak gertatzen direnean egiten dugun moduan —halaxe gogoratzen dut 9/11 egun berezia zela ohartu nintzenekoa: telebista piztuta zegoen ikastolatik etxera iritsi nintzenean—. Pelikula amerikanoetan nekez ikusten den zerbait agertu zaigu oraingoan: eskuin muturreko jendetza bat—ez lagun talde bat, ez Interneteko azpisareetako lau ero—, arrapaladan Kapitoliora sartzen, eta ez preseski eraikina edo instituzioa mirestera. Denak zuriak, gehienak gizonak, prentsak amultsuki «nostalgikoak» deritzonak. Nostalgia: fusil luzeena erakus zezakeenak gobernatzen zuen garai haiek bai garaiak!

Washingtonen gertatu dena 2020aren legatua da, Trumpena bezainbeste: jende asko mugara eraman duen urte bat; krisian, kudeaketa egokirik eskaini ezduten botere instituzionalekiko erresumina areagotu duena; eta hori guztia nik neure kabuz neuretzat filosofiari mugarik ipini ez dion giro politiko batean. Alderdi Errepublikanoa bera jokoz kanpo geratu da, bere burua berrasmatu beharrean: gauza bat baita statu quo-aren eta pribilegioen zaindari izatea, eta beste bat, noraezean dabiltzan matoi zuri batzuen adar politiko gisa agertzea. Irrigarri, anakroniko, soberakin.

«Nola lortu ote dute supremazistek hain erraz Kapitoliora sartzea, hura ohikoan gotorleku bat bada?», galdetzen du, eskuak burura eramanda, demokrata eskandalizatuak. Baina hara paradoxa: demokrazia horixe da azken urteotan degradatzen joan dena, Trump bezalako norbait boterearen gorenera iristea ahalbidetu duena. Orain errazagoa da sua piztea mendekuzko diskurtso eta eszenifikazioen bidez: presidentea «lapurtutako bozez» mintzo denean, «dagozkigun instituzioak berreskuratzeaz», norbaitek —eta ez batek, ez bik— erabaki dezake horixe egitea; erakundeetara indarrez sartzea. Eta hori ez da egun batetik besterako kontua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.