Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Eskua gora

2021eko otsailaren 11
00:00
Entzun
Ohitura berezi horrek harritu egiten nau. Eguneroko etxetik lanerako ibilaldian zenbait zebra-bide zeharkatu behar izaten ditut helmugara iristeko. Kontuz ibili behar da, ohikoa baita burua auskalo non duen gidariren batek —edo batzuek— aurrera egitea, marra zuriei eta karrikaren beste aldera pasatzeko prest dagoen oinezko handikote honi erreparatu gabe. Une hartan gertatzen da nire ustekabearen iturria: izaki bizidun baten gainetik pasatzeko puntuan izan direla ohartzen direnean, pilotuek bolantetik esku bat askatu eta niri begira altxatu egiten dute, aho bete hortz uzten nauen imintzio batez. Zergatik agurtzen naute? Erdiko eria besterik ez balute tentetuko, keinua ulertuko nieke: «Izorra hadi!» barne sentimenduaren adierazpen argia litzateke. Baina ez, beraiek gainerako behatzak erdikoarekin batera goratzen dituzte. Eta ni pentsakor geratzen naiz. Bon, haserre eta pentsakor.

Ikertu behar litzateke ibilgailuen —eta oinezkoon— esparrutik kanpo ere gertatzen ote den ohitura bitxi hori. Esaterako, monarken eta herritarron arteko ohiko hartu-emanetan. Ados, monarken eta herritarron arteko hartu-emanik ez izatea gertatzen da ohikoena, baina noizbait gertatuko balitz, zer? Eman dezagun Nafarroako Auzitegian topo egin dutela. Gazte batzuek deklaratu behar izan dute monarkiaren aurkako ekintza sinboliko bat egiteagatik. Felipe VI.ak agur itxurako keinuan eskua altxatuko ote luke, ohartuko balitz ekintzaileen adierazpen eskubidearen gainetik pasatu dela? Erregearen aitak eskua eta besoa altxatu zituen urte luzez Francoren magalean bizi zenean, eta baliteke semeak ohitura jaso izana oinordetzan. Izan ere, pentsatzen dut Juan Carlosek eskua altxatuko lukeela Nafarroako Auzitegiko ikerketaren berri jasoko balu Ekialde Hurbileko oporraldian; hori bai, emerituak ez lioke zalantzari biderik emanen, barne sentimenduaren adierazpen argian erdiko eria besterik ez erakutsita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.