Lau euskal taldeek hiru lehiako asteari ekingo diote

ainara arratibel gascon
2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Iragan asteburuko etenaren ostean, egutegi betea izango dute Lehen Mailako lau euskal taldeek aste honetan. Izan ere, aste barruan liga jardunaldia dute. Horrenbestez, hiru norgehiagoka jokatuko dituzte zazpi egunean.

Jardunaldi honetako neurketak gaur jokatuko dituzte, eta horien artean Eibarrek eta Athleticek Umben jokatuko duten derbia nabarmendu behar da (11:00). Hiru puntu dituzte bi taldeek. Irabaziz ekin zioten sasoiari, baina bigarren partidan kale egin zuten. Eibarrek lehiari nola helduko dion azaldu zuen atzoko prentsa agerraldian Ana Junyent entrenatzaileak. «Gu geu izan nahi dugu, gure jokatzeko era ezarri: ausart jokatuz aurrean, eta sendo egonez atzean, haien kontraerasoak mozteko. Taldea oso gogotsu ikusten dut, eta ilusioz». Lehia osoa jokatzeko moduan ez dagoen arren, deialdian sartu du Ruth Alvarez atzelaria.

Iraia Iturregik ezin izan du min hartuta zeuden jokalaririk berreskuratu. Hala, besteak beste, Erika Vazquezek ezingo du jokatu. Baina taldea prest ikusten du gaurko partidarako. «Geldikako erasoan hobetzen saiatu gara bi astea hauetan, eta bestelako gauza txiki batzuk konpontzen. Lan ona egin dugu».

Aurkaria honela aztertu zuen: «Eibar gustuko dudan taldea da. Aurreko sasoian baino erasokorrago jokatzen du, eta uste dutdenboraldi-aurretik hobetu egin duela atzealdean. Ez da partida erraza izango».

16:00etan jokatuko du, berriz, Realak, Zubietan. Sevillari egin beharko dio aurre Natalia Arroyoren taldeak. «Haiek ez dute partidarik irabazi, baina talde ona dira. Levanteren aurka berdindu zuten aurreko neurketan, eta ez zuten golik jaso. Halako aurkari bat hutsean uztea, haien defentsako lana ona dela esan nahi du. Lan handia egin egin beharko dugun partida izango da, eta pazientzia izan». Etena eduki arren, taldea «oso sartuta» ikusten du. «Hiru partidako astea dugu, baina arreta osoa Sevillaren aurkakoan dugu». Denbora luzerako min hartuta dauden Allegra Poljak eta Cecilia Marcos izan ezik, beste jokalariak jokatzeko moduan dira.

Realaren antzera, Alavesek ere modu ezin hobean ekin dio sasoiari, lehiatu den bi partidetan hiru puntuak erdietsiz. Arabarrak estreinakoz ari dira Lehen Mailan, eta haiekin batera maila gorenera igo zen taldea izango dute aurrean gaur etxean: Vila-real (17:00). «Hazten segitzeko beste partida bat da, orain arte egindako lanari jarraipena emateko. Asmo horrekin zelairatuko gara, behintzat. Aurkari oso ona izango dugu aurrean, indartsua atzean. Oso ondo landutako taldea da, eta neurketa guztian zehar oso adi egin beharko dugu», dio Mikel Crespo teknikariak.

Crespok deialdian sartu du Jordan Clarck erdilaria. Hilabetez taldearekin entrenatzen egon eta gero, aste honetan iragarri zuten haren fitxaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.