Irabaztea, betebehar

Bera Berak lehen postua berreskuratu nahi du, Castello mendean hartuta. Montse Pucheren taldea azken postuan dago sailkapenean

Esther Arrojeria jaurtiketa bat egiten Guardesen aurkako lehian. JON URBE / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Super Amara Bera Berak irabazi beharreko partida du gaur Castellon (18:30), berriro ere ligako lehen postua berreskuratzeko. Imanol Alvarezen taldeak garaipen handia lortu zuen aurreko jardunaldian Guardesen aurka, eta horrek sailkapenaren gorenean segitzea ahalbidetu zion. BainaRo'Casak Zuazoren aurka lortutako garaipenaren ostean, gipuzkoarrei dagokie orain etxeko lanak egitea, asteazkenean elkarren aurka jokatuko duten partida erabakigarrira lider ailegatzeko.

Urratsez urrats joan nahi du, dena den, Bera Berak. Aurreko asteburuan Guardes lehen postutik aldendu eta gero, hurrengo asteazkenean beste kolpe bat eman dezake ligako borrokan, Ro'Casari irabaziz gero. Bi puntu eta golen aldea aterako lioke, joanekoan hamaika golen aldeaz irabazi baitzuen Bera Berak: 25-36.

Baina egoera horretara iristeko, lehenbizi gaurko partida irabazi behar du. Zenbakiak haintzat hartuta, ez dirudi partida zaila Bera Berarentzat, sailkapenaren bi muturretan dauden bi talde baitira. Gipuzkoarrak lehen tokian jar daitezke, baina Castello, aldiz, azken postuan dago. Monche Pucheren taldeak bost puntu besterik ez du, eta bi norgehiagoka bakarrik irabazi ditu denboraldi osoan.

Baina azken jardunaldietan hobera egin du haren jokoak, eta etxean jokatutako azken partidan Valentziari irabazi zion. Hala, jaisteko postuetatik ateratzeko garaipen bakarrera dago. Gainera, Montse Puchek ondo ezagutzen du Bera Bera.Horrenbestez, zuhurtziaz irtengo da Bera Berapistara, ez baitu ezusterik nahi gaurko lehian.

Anaitasuna, etxean

Asobal ligan Anaitasunak Angel Ximenez hartuko du etxean. Nafarrek emaitzen bolada txarra eten zuten aurreko jardunaldian, Teucrori 28-32 irabazi eta gero. Baina urtea hasi zenetik, etxean ez du garaipenik lortu Iñaki Anizen taldeak, eta joera hori eten nahi du gaur. «Aurreko asteburuan galdu izan bagenu, egoera korapilatzeko arriskua zegoen. Baina taldeak aurrera egiten jakin zuen, eta garaipen hori aurrerapauso handia izan daiteke, gaur irabaziz gero». Partidari modu honetara helduko diote, Anizek aurreratu zuenez: «Gure gaitasunetan sinetsi behar dugu, defentsan zorrotz aritu, eta erasoan zentzuz jokatu, eraginkorrak izateko. Etxean irabazteak konfiantza handia emango liguke, hurrengo partidei begira ere»,

Angel Ximenez hamairugarren dago sailkapenean, beste hainbeste punturekin. Anaitasuna baino hiru puntu gutxiago da hori —nafarrak hamaikagarren daude—, baina bisitari arriskutsua da. Kanpoan jokatutako hamar partidetatik bost irabazi ditu. Hala, Asobal ligako talderik onenetakoa da bere pabiloitik urrun.

Anizek zalantza bat izango du gaurko partidari begira: Mikel Agirrezabalga. Gripearekin egon da, eta azken unera arte ez da jakingo jokatuko ote duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.