Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Mundu hobeagoa

2019ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Theresa Mayk iaz bakardadearen ministerioa sortu zuen. Britania Handiko %13,7 bakardadeak jota daude. Estatu arazo lez ikusi du Mayk. 2017an egindako ikerketaren arabera: eguneko 15 zigarro erretzea bezain txarra da bakardadea. Ministerioaren sorrerak, baina, bazuen nora begiratu: 2016an Jo Cox parlamentari laboristak Bakardadearen Batzordea sortu zuen. Alerta piztu zen: 200.000 pertsonak aitortu zuten urte betetik gora zeramatela inorekin berba egin barik. Ezagun batibarregarria egin zitzaion Bakardadearen Ministerioarena. Txotxolokeriatzat jo zuen; zer izango da gero, Denboraren Ministerioa (Espainiako fikziozko telesail original bat)? Ez esan, gero, katxondo bat ez denik.

Egunotan berarekin gogoratu naiz. Zelaanda Berriko finantza ministroak egin du iragarpena: herriaren aurrekontuetarako ekonomia ez da barne produktu gordineko adierazle nagusia izango; hiritarren ongizatea izango dute ardatz. Ingurumena, etxebizitza, giza harremanak, pobrezia... eta adierazle gehiago izango dituzte kontuan. Jacinta Ardern lehen ministroa izan da proposamenaren bultzatzailea. Hiritarrak egungo politika jardun eta erabakietatik urrun sentitzen direla esan zuen, ondorioa argia zen: politikak hiritarren bizitza hobetzeko egin behar du lan. Duela urte batzuk, Sarkozy lehen ministro zela, agindu omen zieten gai honetaz txostena Joseph Stiglitzi, Amartya Seni eta Jean-Paul Fitoussiri. Tiraderaren batean geldituko zen. Krisi ekonomikoari buruz galdetu ziotenean, Susan George pentsalariak zioen krisi batek ataka batean jartzen zaituela, bizi edo hil egoera batean, baina ez duela hamar urte irauten. Krisia barik, sistema baten gaixotasuna zela pasatzen zena. Beldur interesatuaz ere hitz egin zuen. Beldurraren absentzia zela zoriontasuna zioen hil berri den Eduard Punsetek. Ondo letorkiguke gu ere paradigma berrietara egokituko bagina. Beste mundu hobeagoa posible delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.