maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Magia

2019ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Gure Zirkua ikusten izan gara asteburuan, eta a zer gozamena. Ez dut oroitzen noiztik ez nintzen egona bi orduz segidan irribarrea aurpegitik ezin kendurik, haur baten gisan. Gustatuz gero horren berri emateko eskatu zigun pailazoak emanaldiaren bukaeran, eta zer gutiago eskaini halako plazera eman zigun ikuskizun bati!

Ez dut gehiegi salatuko agian zuetariko batzuek ez duzuelakoan oraindik ikusi. Baina nola erran: banuen ttipitatik zirkuarekiko halako mesfidantza bat; leku goibeltzat nuen, animaliak preso hartu eta haiekin jolas egiten duen espektakulu bitxitzat, Dumboren oroitzapenak edo. Bada, atzeman nuenak ez zuen zerikusirik horrekin, itxura gehiago baitzuen antzinako garaietan kokaturiko eleberrien kontakizunekin: «Badator zirkua!», zirrara pozgarri hori, bertze inon topatuko ez dugun zerbait ikusteko grina, barrenetik datorrena. Eta hasieratik harrapatu gintuen gu ere karpa koloretsuaren giro magikoak: lerroan geundela etorri zitzaigun magoak harriturik utzi gintuen haren trukoekin, eta behin ikuskizuna hasita karpapean agertu ziren trapezista, kontortsionista, malabarista eta ekilibristek lilura areagotu zuten gugan. Nork erranen zigun pailazoaren eta aurkezlearen agindupean kantuan eta txaloka bukatuko genuenik? Nork eta guk, arrazoimenean bizitzera ohituak gauden eta edozein gauzarekin lotsatzen garen Mendebaldeko gizakiok?

Gure Zirkuaren Facebook orrian begira ibili naiz, eta aitzineko emanaldi guziak ere lehertzear izan dituztela ikusi dut. Baina ez bortxaz propaganda teknika sofistikatuengatik. Webgunea, adibidez, xumea baitute. Sare sozialen garaiotan, oraindik ere eraginkorrena sare sozialik oinarrizkoena denaren seinale: ahoz ahokoa, alegia.

Ez dakit zentzurik ote duen mintzatzeak ilusio baten existentziaz, baina larunbatean ikasi nuen magia existitu egiten dela. Aukerarik baduzue, joan, eta gozatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.