Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Hemen

2019ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Bi fruta dendatan egiten ditut erosketak. Erosotasunaren arabera eta, batez ere, etxerako bidean ondoen harrapatzen nauenaren arabera bat edo bestea hautatu ohi dut. Aste berean gertatu zitzaizkidan anekdotak ekarri nahi dizkizut gaur, alegia, oso denbora gutxian izan nituela anekdota gogoangarri bi. Lehenengoa, astearte buruzuri goiz batean: fruta dendan sartu, eta berehala ikusi nituen orburu ezin ederragoak. Amets-irudiak eragin zizkidaten: Tuterako Iruña jatetxean jan nituenen parekoak egiteko gai izango ote nintzen? Hemengoak ote ziren galdetu nion fruta dendakoari. Saltzaileak hemengoak zirela erantzun zidan, Nafarroakoak, eta ia aldi berean atzean nuen gizonak esan zidan hemen hitzarekin kontuz ibili behar zela. Erlatiboa zela. Esango nuke ironikoki esan zidala, trufa ukituarekin; baina denboraren poderioz atera dudan ondorioa da zuzentze kontua izan zela. Entzundakoa berrets ziezadan saltzaileari galdetu nion ea Nafarroakoak ote ziren. Baietz hark. Atzeko gizonari esan nion hemen-hemengoak zirela orburuak, berak erabilitako irmotasun berarekin. Saltzaileak, erdi nafarra berak aitortu bezala, Nafarroa hemen zela pentsatzen zuen: «Hemengo laranjarik ba ote dago? Ze hemen ez dago laranjarik», esan zion. Tolerantziaren herrian hemengotasunak (ere) oraindik ere soka luzea du. Bigarrena pare bat egun geroago. Intxaurrak amaitu zitzaizkidanean joan nintzen beste fruta denda batera. Etxetik hurbilago dago eta etxera bidean erosoago egiten zitzaidan. Ederrak ziren intxaurrak, eta bertokoak ote ziren galdetu nion. Ez nago obsesionatuta, ez, baina zenbat eta hurbilagokoak izan nahiago dut. Fruta dendakoak baietz esan zidan «son vasco-francesas». Baiezkotasuna adierazi, eta atoan, damua agertu zuen saltzaileak, ez ote zuen galduko betiko bezeroa.

Tolerantziaren herrian norberarentzat zer den hemen eta zer ez ozen adieraztea oraindik ere arrisku kirola sentitzen du zenbaitek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.