Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Aizkorak, bonbak, trenak

2020ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Stanley Kubricken The Shining (Distira) filmak berrogei urte bete ditu aste honetan. Zuzendariak irudi gogoangarriak eskaini zizkigun 1980ko beldurrezko film horretan; oraindik ere ezin izaten dut gauean begirik bildu Jack Nicholson ero aurpegiaz eta aizkora eskuan ikusi ondoren. Baina, aizkolariarena miresten badut ere, Dr. Strangelove or: How I Learned to Stop Worrying and Love the Bomb da Kubricken nire filmik kutunena; apokalipsi nuklearra piztu bitartean, Kong maiorra bonbaren gainean cowboy-en modura ikustea da niretzat zinemaren —eta humanitatearen— une gorenetako bat. Gerra Hotzaren garaian, filmak estatuen arteko armamentu lehiaren zentzugabekeria ageri-agerian jarri zuen. Une batean jeneral estatubatuarra eta enbaxadore sobietarra zaplaztekoak banatzen hasi dira. Antologikoa da Peter Sellersek AEBeko presidentearen rolean egin dien errieta: «Mesedez, ezin duzue hemen borroka egin; hau Gerra Departamentua da!».

Esaldiaz oroitu naiz Juan Mari Arregiren artikulua Argia-n irakurri ondoren. Esan ziguten Gerra Hotza bukatua zela, baina Bakearen Ikerketarako Stockholmeko Nazioarteko Institutuak argitaratu berri du defentsa militarreko inbertsio globala 1,75 bilioi eurotik gorakoa izan zela iaz; 50.100 milioi gastatu zituen Frantziako Estatuak, eta 17.200 Espainiakoak. Edozein unetan gerraren eta heriotzaren negozioa nazkantea da, baina orain, sistema publikoaren gabeziaz berriz ohartu garen pandemiaren garaian, are lotsagarriagoa. Kubrick berriz buruan izan dut Orain Ardura ekimenak aurkezpenean emandako datua entzun bitartean: 15.000 milioi euro gastatuko dira AHTaren egiturak eraikitzeko. Osasun sistema gainezka eta pertsonak bakarrik hiltzen ikusi ditugun arren, zer lehenetsiko da? Gobernuek zorra sozializatuko dute, «ardura» eskatuko digute eta ahalegina exijitu. Agian errieta ere entzunen diegu: «Mesedez, ezin duzue zerbitzuen pribatizazioa hemen salatu; hau administrazio publikoa da!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.