Italiako Giroa

Hasi da eraso festa

Benedettik irabazi du Italiako Giroko 12. etapa, iheskideei esprintean gailenduta. Polanc jarri da lider, eta Lopezek eta Landak sua piztu dute

Hasi da eraso festa.
enaut agirrebengoa
2019ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Zirrara handirik gabea izan da Italiako Giroaren lehen erdia, baina hemendik aurrerakoak oso itxura ona dauka. Tropelak atzo izan zuen lehen kontaktua benetako mendate batekin, eta uste zen baino saltsa handiagoa izan zen hautagaien artean. Ohikoena litzateke indarrak gordetzea gaurko eta biharko etapa gogorretarako, baina oilarrak denborarik galdu gabe hasi ziren mokoka. Montosoko malda gogorretan, ausart jokatu zuten Miguel Angel Lopezek (Astana) eta Mikel Landak (Movistar), eta sailkapenean duten atzerapen handia 29 segundo laburtzea lortu zuten. Ez zuten Primoz Roglic (Jumbo) gehiegi urduritu, baina bai bakartu, taldekiderik gabe utzita. Pello Bilbaok (Astana), berriz, ezin izan zuen lehen galbahea igaro, igoeran gurpila zulatu baitzitzaion; onenekiko hamar minututik gorako aldea izan zuen.

Giroak Fausto Coppi omendu zuen atzo, haren jaiotzaren 100. urteurrenean. Gainera, italiarrak duela 70 urte egin zuen bere ibilbideko balentriarik handiena, Cuneo eta Pinerolo artean. 192 kilometro egin zituen bakarka, mendate garaietan gora eta behera, eta helmugan ia hamabi minutu atera zizkion Gino Bartaliri. Atzoko etapak hasiera eta bukaera berberak zituen, baina ibilbidea arrunt ezberdina zen; igoera bakarra zuen. Edonola, ziklistek topatu zuten modua Coppiri gorazarre egiteko. Hautagaien arteko mugimenduez harago, lehia handia izan zen ihesaldian, eta Cesare Benedettik (Bora) altxatu zituen besoak, azken kilometroetan atzetik aurrera eginda. Liderra ere aldatu zen: Valerio Contik (UAE) erantzi egin zuen maglia arrosa, ihesean izan zen haren taldekide Jan Polanci emateko.

25 txirrindulariko multzoa sortu zen aurrean, ehiztari finez josia. Montoson, Damiano Carusok (Bahrain) astindu zuen zuhaitza, eta nabarmen aletu zen. Hala, mendate gainean soilik Caruso bera, Eros Capecchi (Deneuninck), Eddie Dunbar (Ineos) eta Gianluca Brambilla (Trek) zeuden aurrean. Benedetti geroago azaldu zen, eta, helmugatik bi kilometrora zegoen horman berriro atzean geratu zen arren, azkenean nagusitu egin zen esprintean. Italiarrak lehen garaipena du profesionaletan.

Faboritoen arteko lehiari dagokionez, ondorioa garbia da: lasterketa oso irekia dago. Lehen kartak agerian gelditu ziren, eta Roglicek bakarra dauka; bere ahalmena. Ez da gutxi, baina aski agian ere ez, mendateetan aurkariak gogor oldartzen bazaizkio. Atzo bistaratu zenez, haren taldekideek ezingo diote lagundu sua itzaltzen. Edonola, albiste okerrago bat jaso zuen Bilbaok: unerik okerrenean zulatua izan zuen, eta sailkapen nagusiaren borrokatik kanpo gelditu zen. Eguneko beste galtzaileak Bob Jungels (Deceuninck) eta Davide Formolo (Bora) izan ziren; onenen multzotik 2.34ra iritsi ziren. Hori guztia Lopez eta Landaren mugimendu estrategikoak eragin zuen. Ondo moldatu ziren elkarlanean. Atzean, berriz, ez zen halako harmoniarik izan.

Biharko etapak are gehiago argituko ditu gauzak hautagaientzat. Izan ere, 34 kilometro eta %4,8ko pendizeko Ceresole Realen amaituko da. Aurrez, Lys (13,7km eta %6,8) eta Pian del Lupo (14,5km eta %7,1) igoko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.