Loalditik esnatu behar

Eibarrek puntu bakarra urratu du jokatutako hiru jardunaldietan, aurreko denboraldian bezala. Elx talde igo berria jasoko du gaur Ipuruan

Eibarko Roberto Correa eta Athleticeko Jon Morcillo, lehian. J. C. R. / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2020ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Hasiera pattala eman dio aurtengo sasoiari Eibarrek. Iaztik hona taldeak izan dituen aldaketak tarteko, denboraldi-aurrearen azken hatsean zalantzaz josita zuen Jose Luis Mendilibarrek taldea. Ligaren hastapenean, zalantza horiek zelaian islatu dira nabarmen. Eibarrek jokoan izan dituen bederatzi puntuetatik bakarra urratu du, eta hori ez da seinale ona salbazioa lortzeko bide luzean. Iraganeko mamua ez dago horren urrun Ipuruan.

Hain zuzen ere, aurreko denboraldiko egoera berean dago Mendilibarren taldea, jaitsierako postuetan; zehazki, hiru jardunalditan puntu bakarra zakuratu baitzuen orduan ere.Oraingoan ere, Zaldibarkoak (Bizkaia) duen ohiko estilo lehiakorra eta gogorra aurkitu ezinik dabil Eibar. Loalditik esnatu beharra dauka, kosta ahala kosta. Horretarako, garaipen gosez irten beharko du gaur Elx talde igo berriaren aurka. Herrialde Katalanetako taldeak Realaren kontra neurtu zituen indarrak aurreko jardunaldian. Ez zuen, ordea, itzulera gozoa izan Lehen Mailara: talde txuri-urdina 0-3 gailendu zen.

Mendilibar, ordea, ez da batere fio, eta zuhurtziaz mintzatu da gaurko aurkariaren inguruan. «Uste badugu igo berri den taldea izanda erraza izango dela irabaztea, oker goaz. Partida zaila izango da, baina irabaztera joango gara». Elx mendean hartzeko pazientziaz jokatu behar dutela nabarmendu du, baita joko estiloa barneratu eta talde izaera sendotu beharra ere. «Talde izaera falta zaigu, eta multzo bezala ez badugu jokatzen, buruz buru jokatuta oso zaila izango da partida aurrera ateratzea. Nik jokalariei beti esaten diet: 'Taldean ondo lan egiten badugu, banan-banan are hobeto ibiliko gara'».

Aste honetan bi norgehiagoka izanda, Eibarko prestatzaileak txandakatzeak egitea espero da. Ikusteko dago giharreko arazoetatik osatu eta gero Sergi Enrich jokatzeko moduan izango ote den.

EIBAR-ELX
Eibar. Dmitrovic; Correa, Oliveira, Bigas, Rodrigues; Leon, Diop, Exposito; Kadzior, Inui; eta Kike.
Elx. Badia; Josa, Calvo, Verdu, Josema; Morente, Guti, Mfulu, Fidel; Boye eta Milla.
Epailea. Santiago Jaime Latre.
Lekua. Ipurua.
Ordua. 21:30 (La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.