Zumetaren omenezko ekitaldi bat egingo dute bihar, Usurbilen

Kulturgintzako jendea, senideak eta lagunak bilduko dira; tartean, Josu Zabala, Gari eta Atxaga

Jose Luis Zumetak egindako azken autorretratua, 2020an, Argentinan. Konfinamendua hasi zen egunean itzuli zen artista handik Euskal Herrira. JOSE LUIS ZUMETA.
itziar ugarte irizar
2021eko urriaren 1a
00:00
Entzun
Koronabirusaren pandemiak ekarritako konfinamendua ezarri zen egunean heldu zen Jose Luis Zumeta margolaria (1939-2020) Buenos Airestik Euskal Herrira, eta handik hilabete eskasera zendu, ezustean. Sentitua izan zen kolpea euskal kulturgintzan eta artearen esparruan, baina pandemia luzatu, eta ez dira harrezkeroztik baldintzak askorik hobetu jende ugarik nahi lukeen omenaldia egiteko artistari. Udaberrian bete zen urtea hil zela —apirilaren 23an—, eta orduan egin asmo zuen familiak omenaldia; azkenean, bihar egingo dute, era xumean —xume zuen ezizena—, eta hurbilekoez inguraturik. Usurbilen (Gipuzkoa), 12:00etan.

Familiaren izenean, Usoa Zumeta alaba eta artistak idatzi bat irakurriko du ekitaldian; musikan, Mikel Telleriak abesti bat eskainiko du lehenik —Zumetari eskainitako kantu bat idatzi zuen artista hil berritan—, eta Josu Zabala eta Gari Hertzainak taldeko kide ohiak helduko dira gero; txalaparta izango da hasteko, eta aurreskua ixteko. Tartean, Bernardo Atxagak ere hartuko du parte omenaldian, ipuin bat irakurriz: Ipuina Zumeta pintore lagunarentzat. Hala izendatu zuen idazleak narrazioa 1985ean, Zumetak zabaldu zuen Papiroak erakusketaren katalogoan argitaratu zenean, eta horixe irakurriko du idazleak bihar —ondoren, Obabakoak-en ere (1988) txertatuko zuen ipuina Atxagak, ordukoan Hans Mensher izenarekin—.

Ordubete bueltako ekitaldia aurreikusten dutela aurreratu du Usoa Zumetak, eta pena agertu du edukiera «oso mugatua» izango delako. Senitarte eta lagunekin batera, kulturako eta arte munduko gonbidatu ugari izango dira; ehun lagunentzako lekua, denera. Ateri bada, Mikel Laboa plazako muralaren magalean egingo dute; euria hastekotan, berriz, frontoian. Atzo itxi zuten gonbidapena lortzeko epea.

«Haren lana hemen geratu da»

Artista hil zenean «jende askok gertutasun handia» erakutsi ziela oroitu du Zumetak, eta jarraitzen duela emari horrek: «Tartean behin heltzen zaizkigu oraindik hitzak, irudiak...». Guztiak hartuta, oro har mezu bat gailentzen dela dio: «Haren lana hemen geratu dela, eta hori garrantzitsua dela. Euskal kulturarentzat norbait izan zen , eta hori nabarmentzen dute, orokorrean: bera ez dagoela baina bere obra gurekin dugula, eta hori oraindik disfrutatu dezakegula». Bide horretatik, margolariaren obra erakusten jarraitzeko lanean dihardutela azpimarratu du Usoa Zumetak;aurreratu du Bartzelonan erakusketa bat zabalduko dutela azaroan, eta Bilboko Arte Ederren Museoarekin ere ari direla harremanetan.

«Guretzat, garai bat ixteko eta jasotako gertutasuna eskertzeko modu bat izango da ekitaldia. Gutxi bilduko gara, baina gertukoak. Badakit aitaren lagun onak izan zirela, eta hori eskertzeko modu bat izango da, elkar zaindu zutelako». Haren alde topa egiteko abagunea nabarmendu du Zumetak: «Aitak epitafio bat utzi zigun: 'Aukeran, tabernan nahiago'. Azkenean bildu ahal izango gara, eta ardo bat hartu haren memoriarengatik; aita omentzeko era polit bat da hori ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.