Samara Velte.
LARREPETIT

Botoak eta izozkiak

2020ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Hamargarren astea alarma egoeran. Askok oraindik ez dugu mendian ogitarteko bat jateko edota hurbilekoak euren etxeetan ikusteko aukerarik izan, baina dagoeneko badugu, nahi edo nahi ez, uztailaren 12rako plana: botoa ematea. Eztabaida publikoaren fokua nabarmen aldatu da: lehen osasun kolektiboaren salbatzaile bokazioz #EtxeanGeratu eta #OsasungintzariTxalo egin behar zela gogorarazten ziguten asko prest daude, orain, hondartzan izozkia jatea ahalbidetuko dien alderdia erosteko. Afalorduko telebista saio askoren antzera, atzealdeko zurrumurru bihurtu dira kutsatuen eta hildakoen kopuruak; onartzeko moduko zifrak dira orain.

Kalera irtetean hasi gara identifikatzen krisialdian azaleratu diren izaera motak: beldurtiak, oraindik galtzeko asko dutela sentitzen dutenak eta, ondorioz, segurtasun neurriak nahikotxo babesten dituztenak; kezkagabeak, hau-laster-pasako-da-eta-gero-barre-egingo-dugu, baina bitartean eskatu beste kaƱa bat; eta ukatzaileak, euren ohiko bizimodutik milimetro bat mugiarazteko ideia euren askatasunen errepresio absolutuentzat dutenak. Lehendik ere ezagun ditugu azken horiek: bizitza soziala arautzen duten neurri gehientsuenekin erreakzionatu izan dute antzera; niri-ez-didate-esango-noiz-jantzi-maskara, nork-agindu-behar-dit-ba-nora-bota-zaborra. Duela aste batzuk hain bogan egondako konpromiso sozialak etxean gotortzeaz aparteko zerbait esan nahi duenean deseroso sentitzen hasten diren horiek.

Duela hilabete, beste nonbait zegoen eztabaida: osasungintza publikoko baldintzei buruz hitz egiten genuen orduan, pribatizatutako zahar etxeetan gertatzen ari zen sarraskiaz eta ospitaleetan libre geratzen ziren ohe apurrez. Ulertzen genuen krisiei erantzuteko tresnak ez direla krisialdian bertan sortzen: lehendik duzun azpiegituraren arabera dela. Kanpainan ere gai horiexei bueltaka jarraitzea nahi nuke; ez dezagun amaitu hondartzan izozki bat eskaintzen digun lehenari botoa erosten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.