Ferixa Nausikoak Elorrion

Baten tokian, hiru

Gaur hasiko dira Elorrioko Ferixa Nausikoak. Txintxirri ikastolak, herriko gaztetxeak eta Besaide dantza taldeak piztuko dute suziria
Txupinazoa jaurtiko duten hiru kolektiboetako ordezkariak.
Txupinazoa jaurtiko duten hiru kolektiboetako ordezkariak. M. DEL VALLE / FOKU

Uxue Gutierrez Lorenzo -

2018ko irailak 1
Mende erdia bete dute aurten Elorrioko (Bizkaia) Txintxirri ikastolak eta Besaide dantza taldeak. Haiekin batera, gaztetxeak 30. urtemuga du. Bakarra ezin aukeratuta, hiru kolektiboek izango dute Ferixa Nausiko festak abiatzeko ardura. Horrela, jai batzordeak saritu egin nahi du eragileek «herria hauspotzeko» egiten duten lana. Gaur piztuko dute suziria, 20:00etan, udaletxeko balkoitik.

Pozarren jaso dute albistea hirurek. Batera inauguratuko dituzte jaiak, bizirik dagoen herriaren isla. «Poztekoa da herriko beste talde batzuekin batera egitea, erakusten duelako herri honetan badaudela urteetan aurrera doazen herri mugimenduko elkarte eta eragileak», azaldu du David Cobos Txintxirri Ikastolako zuzendariak. Ikastolako kideek eskaria egin zuten txupinazoa botatzeko, 50. urteurrenaren aitzakian. Baina ez direnez urteak betetzen dituzten bakarrak, ohorea hirurei egokitu zaie. «Ez da ezustekoa izan, baina bai poztekoa», gehitu du Cobosek.

Albisteak ustekabean harrapatu zituen gaztetxeko kideak; izan ere, aspaldi egin zuten suziria botatzeko eskaria,eta ia ahaztuta izan dute. «Espazio autogestionatuen aldeko aldarria egin nahi dugu, guretzat behar-beharrezkoak baitira. Eta gaztetxean igarotako belaunaldi guztiak omendu nahi ditugu», esan du Jokin Arabiourrutia gaztetxeko kideak.

Antzeko asmoa dute Besaide dantza taldeko partaideek ere. Bertako kide da Malen de la Fuente, eta dantza taldetik igarotako guztiak omendu nahi dituzte pregoian: «Aurretik egondako jende guztiari esker jarraitzen du Besaidek; haientzat dira gure esker oneko hitzak». Ez da lan makala izan hiruren artean mezua adostu eta antolatzea; zenbait bilera egin dituzte jaiei merezi duten hasiera emateko. Horrela hasiko dira Ferixa Nagusikoak.

Kuadrillak, protagonista

Udalaren egitarauaz gain, txosnek egitarau oparoa antolatu dute festetan. Ostegunean ireki ziren txosnak, Joseba B. Lenoirren kontzertuarekin. Eta eskaintza zabala dute datozen egunetarako: Revolta Permanent Barakaldoko taldea ostegunean igoko da oholtzara; Koban eta Zea Mays, berriz, ostiralean.

Ezin ahaztu, ordea, astelehena egun handia dela askorentzat; kuadrillen eguna. Herriko eragile eta lagun taldeek parte hartze handia dutela nabarmendu dute; izan ere, egitarau oparoa antolatzen dute urtero. Ikuskizunek, haurrentzako jolasek, herri bazkariek eta musika doinuek girotuko dituzte Elorrioko kaleak zortzi egunez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna