Sanfaustoak Basaurin

Jaia eta kirola, eskutik

Emakumezkoen Atletico Basauri eskubaloi taldeak emango die hasiera Basauriko jaiei. Aurten Zilarrezko Ohorezko Mailan jokatuko dute

Atletico Basauri taldekoek irakurriko dute pregoia Basaurin. M. DEL VALLE / FOKU.
2019ko urriaren 11
00:00
Entzun
Hiru urtez borrokan ibili eta gero, Zilarrezko Ohorezko Mailan jokatzea lortu dute Atletico Basauri eskubaloi taldeko emakumeek. Horregatik aukeratu dituzte herriko pregoia irakurtzeko, eta haien hitzekin hasiko dira gaur sanfaustoak Basaurin (Bizkaia), eta hilaren 20ra arte iraungo dute.

Itsaso Elizegik eta Naia Baliñok irakurriko dute pregoia. Elizegi, taldeko gazteena delako, eta Baliño, berriz, nagusia. «Pregoilariak izango ginela esan zigutenean poztasuna eta urduritasuna sentitu nuen», azaldu du beteranoak, «baina erantzukizuna ere bada. Herri osoak entzungo duen mezua zabalduko dugu». Eskubaloi taldeak «familia» bat bezala funtzionatzen duela ere azaldu du: «Txikitatik joan naiz herriko jaietako pregoia ikustera, eta, orain, eskubaloian ikasi nuen taldearekin leihora aterako gara, basauriar guztien aurrean».

Emakumeak eta kirola

Denboraldi borobila izan da aurtengoa Atletico Basauriren emakumeen taldearentzat. Hala ere, jokalariek diote dauden lekuan egon ahal izateko urte gogorrak pasatu dituztela. «Basaurin emakumezkoen kirola gero eta hobeto dagoen arren, aipatzekoa da Atletico Basaurik egin duen lan handia emakumeen kirola ikusarazteko».

Taldekide guztiak egongo dira pregoian, eta bertan ikusiko da gazte taldearen batasuna. Oso argi daukate pregoian zer esan behar duten. Elizegik aukera bat ikusten du eskubaloia ikusarazteko, baita egindako guztia herriari erakusteko ere. «Bigarren mailako kiroltzat hartzen da eskubaloia, eta oso kirol baliagarria dela erakutsi nahi dugu, futbola bezainbeste».

Eskertza ekitaldi bat ere izango da pregoia. «Aukera ezin hobea da taldea laguntzen eta babesa ematen aritu diren guztiei eskerrak emateko; familiari, zuzendariei eta babesle ekonomikoei, eta baita Basauriko herriari eta Herriko Taldeak elkarteari ere», esan du Baliñok. Basauriko jaiak antolatzeko ardura du Herriko Taldeak, eta berak hautatzen ditu pregoilariak.

Aurten Basauriko jaiek ohi baino egun bat gehiago izango dute, eta, horren ondorioz, jokalariek haietaz gozatzeko aukera gehiago edukiko dute. «Dena egiteko denbora daukagu», kontatu du Elizegik. Txikitatik hasi ohi dira neskak Atletico Basaurin, eta jokalari gazteak dira Zilarrezko Ohorezko Mailan jokatzen hasiko diren gehienak ere. Elizegik azaldu duenez, zailtasunak alde batera utzita, maila horretan mantentzea da haien helburu nagusia.

Jaietako lehenengo igandean Ermuan (Bizkaia) ariko dira norgehiagokan: «Herriko jaiak izanda ere, dena emango dugu, mailari eutsiko diogu».

Ezetz beti da ezetz leloa ere zabalduko nahi dute pregoia emateko orduan, eta txupinazoa bota eta gero, eskubaloiko jokalariak kuadrillen jaitsieran parte hartuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.