Sei izendapenekin, 'Nomadland' da faborito nagusia Oscar sarietarako

David Fincherren 'Mank' filmak hamar garaikur irabazteko aukera izango du sari banaketan

Astelehen goizaldean egingo dute Oscar sarien gala, Los Angelesen. Argazkian, Chloe Zhaoren Nomadland filmeko irudi bat. BERRIA.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Pandemiaren ondorioz, ohi baino bi hilabete geroago egingo dute 83. Oscar sariak banatzeko ekitaldia; astelehen goizaldean, hain zuzen. David Fincherren Mank filmak ditu izendapen gehien, baina, kiniela askotan, Chloe Zhaoren Nomadland ikusten dute faboritotzat. Aldi berezia izango da aurtengoa. Osasun krisia dela eta, aire zabalean egingo da sari banaketa: Union Station tren geltokiko patio batean (Los Angeles, AEB). Bestalde, zuzeneko konexioak egingo dituzte Los Angelesko Dolby antzokiarekin, orain arte areto horretan egin izan baita sariak banatzeko ekitaldi nagusia.

Izendapen kopuruari begiratuta, Mank hamar izendapenekin iritsiko da ekitaldira. Besteak beste, film, zuzendari, gizonezko aktore eta taldeko emakumezko aktore onenen sariak eskuratzeko hautagaien artean dago. Citizen Kane idatzi zuen Herman Mankiewiczi buruzko biopic-a da filma, zuri-beltzean grabatua, eta Orson Wellesen obra ezagunaren idazketa prozesua kontatzen du. Netflix plataformak ekoitzi du filma, eta baliteke aurreneko aldiz plataforma digital batek irabaztea film onenaren Oscar saria.

Hala ere, Nomadland da kiniela askotako faborito nagusia. Chloe Zhao zinemagile txinatar-estatubatuarraren filmak sei hautagaitza eskuratu ditu. Horrez gainera, azken hilabeteotan sekulako oihartzuna bereganatu du. Frances McDormand du aktore protagonista filmak —emakumezko aktore onenaren sarirako izendatuta dago—, eta dena galdu ostean AEBetako errepideetara karabanarekin aterako den andre baten istorioa kontatzen du. Erresuma Batuko Bafta sarietan protagonista nagusia izan zen: film, zuzendari, emakumezko protagonista eta argazkilaritza onenen sariak jaso zituen. Horrez gainera, bi Urrezko Globo ere baditu dagoeneko.

Seina izendapen lortu dituzte Florian Zelleren The Father, Lee Isaac Chungen Minari, Darius Marderren Sound ofMetal eta Shaka Kingen Judas and the Black Messiah filmek ere. Horiez gainera, lan onenaren sailerako hautagaien artean dago Aaron Sorkin zinemagile estatubatuarraren The Trial of the Chicago 7.

Zuzendari onenaren sarirako ere izendatu dute Zhao, eta lehiakide izango ditu Fincher, Emerald Fennel, Lee Isaac Chung eta Thomas Vinterberg. Gainera, aurten, lehenengo aldiz, bi emakume daude izendatuta zuzendari onenaren kategorian. Era horretara, aurtengoan, inoizko emakume gehien daude hautagaien artean: 70.

Protagonistaren rola jokatu duten aktoreei dagokienez, berriz, The Father-ek eta Minari-k hautagaitza berak lortu dituzte; gizonezko eta emakumezko aktorerik onenaren sarirako izendatu dituzte. Hurrenez hurren, bi filmetako aktore nagusiak hauek dira: Anthony Hopkins eta Olivia Colman, eta Steven Yeun eta Yuh-jung Youn.

Sari horiez gainera, beste hamaika kategoriatako sariak banatuko dituzte astelehen goizaldean. Besteak beste, jatorrizko gidoi onenaren saria eta argazki onenaren saria. Kasurako, nazioarteko film onenaren saria irabazteko hautagaiak ondorengoak dira: Druk / Another Round danimarkarra, Hong Kong-eko Shaonian de ni / Better Days, Colectiv errumaniarra, The Man Who Sold His Skin tunisiarra eta Bosnia eta Herzegovinako Quo Vadis, Aida?.

Bestalde, zeresan handia eman du Maite Alberdi txiletarraren El agente topo dokumental onenaren sarirako izendatu izanak. Txiletarrak ezohiko espioitza istorio bat kontatu du dokumentalean. Zahar etxe bateko bizimodua filmatu du, ustezko tratu txar batzuk ikertzen ari den infiltratu baten inguruan. Donostiako Zinemaldian Donostia Hiria Publikoaren Saria irabazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.