Kilimatuak ez, kimatuak

Arantxa Iturbek 'Honetara ezkero' liburua plazaratu du, 29 narrazio laburrez osatua, harremanak ardatz eta umore zorrotza lanabes

Arantxa Iturbe idazlea, atzo, Donostian, Honetara ezkero ipuin liburua aurkeztu aurretik. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Gorka Erostarbe Leunda.
Donostia
2017ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Aitortzen du oraintsu arte uste izan duela kontakizun laburrak idazteak ez zuela luzeak idazteak baino zailtasun handiagorik. «Benetan pentsatu izan dut ez badut luzeago idatzi izan, kapazitate faltagatik izan dela. Honetara ezkero, ez nago hain seguru. Iruditzen zait lan handiagoa eskatzen duela mozteak, motzean asko esan nahiak, jario farragoso batean sartzeak baino. Ni arnasa laburrekoa naiz zentzu horretan, eta irakurle gisa ere oso erakargarria zait hitz gutxirekin esandakoa ulertzeko modukoa izatea». 29 narrazio labur bildu ditu Arantxa Iturbek plazaratu berri duen Honetara ezkero ipuin liburuan. Bizpahiru orrialdekoak dira gehienak; bakan batzuk baino ez dira neurri horretatik gorakoak.

Susa argitaletxearekin kaleratu du liburua, eta, bertako editore Gorka Arreseren hitzetan, «ez dira ipuin laburrak; ipuin bizkorrak dira». Ingelesezko short story edo gaztelaniazko cuento corto izendapenak ez zaizkio ondo egokitzen Iturberen estiloari, Arreseren aburuz. «Traizioa egiten diote bere estiloari. Ipuin hauek, batez ere, bizkorrak dira. Estilo bizkorra da lengoaiaren ekonomian, eta bizkorra da zentzu bat baino gehiago emateko ateak zabaltzen dituelako».

Iturbek «lore definizio» gisa hartzen du ipuin bizkorrak izatearena, baina abisu egin du bere ipuinetan ez dela lorerik, ezta naturaren arrastorik ere ia. «Ipuin bakar batean agertzen da baratzea, eta hura sekretu baten ezkutaleku delako, ez beste ezergatik. Nire istorioetako belar txarrak eta anabasak, lau hormen artean kokatzen dira denak». Ordea, egilearen ustez, bere idazketa prozesuak badu natura zaintzarekin parekotasunik, bere jarduera bonsaizalearenarekin alderatzen baitu. «Ipuinok ez ditut ureztatu, ez ditut argiztatu. Ez diet ongarririk bota. Ez ditut mimatu, ez ditut kilimatu. Kimatu egin ditut. Ez diet arnasarik hartzen utzi. Ez diet nahi edo behar zuten bidea egiten utzi». Berak ere ez du arnasarik hartu ia, istorioak nahi zuen formetara eta neurrietara ekarri arte. «Horretarako sustraiak kiribildu behar banizkien, batere barkaziorik gabe kiribildu dizkiet. Eta korapilatu. Adaxkak luzatzeko arriskuan sumatzen banituen, beldurrik gabe kimatu egin dizkiet». Eta horregatik eman dute «fruitu txikia, txiki-txikia». Hain kontzentratuak neurrian, ezen «bonsai ipuinak» deitzen baitie Iturbek berak: «Bonsaiek asko sufritzen dute bere garapenean, eta nik uste dut ipuin hauek majo sufritutakoak direla. Eta aitortu egin beharko dut, ikaragarri gozatu dut ipuinoi sufriarazten. Ipuinen formaz eta neurriaz ari naiz. Eta hitzen kopuruaz; bakarrarekin esan litekeen esaldia birekin ez osatzeaz. Eta iruditzen zait halaxe bakarrik konta nezakeela kontatzen dudana».

Inkomunikazioa

Eta kontatzen duenaren muina pertsonen arteko harremanek osatzen dute. «Harremanetako inkomunikazioa ageri da. Gaizki ulertuak. Zer esaten dugun eta zer isildu. Eta zergatik». Batez ere «gizonen eta emakumeen» arteko harremanez ari da, «baina ez beti, eta ez bakarrik». Badira adiskidetasun harremanak, lankideen artekoak, eta hala ere adiskide direnen artekoak, familiako belaunaldien artekoak... baina funtsean, eta sakon-sakonean, «hartu-emanak denak». 29 ipuinetako gehienek, «baina ez denek», emakumeak dituzte protagonistatzat: «Batzuetan, dezentetan, zehaztu gabe doa protagonista edo narratzailea andre edo gizon den. Ze, kimatzen hasita, kimatu ditut haien izenak ere. Ipuin gehienen protagonistek ez dute izenik ere. Protagonistak dira zu, ni, haiek, gu, edadeko emakumeak. Baina baita edaderik gabeko protagonistak ere. Harremanetarako ez da adinik, baina harremanek berek badute adina. Harremanak urteak bete ahala herdoilduz joaten dira. Batzuetan, urteak bete gabe ere, herdoilduta jaiotzen dira, ordea».

Ipuin guztiek hitz bakarra dute izenburu, eta «apropos» dute hitz bakarra, «batzuetan ipuinaren muina seinalatzeko, eta besteetan fokua desbideratzeko». Potroak du izenburutzat lehenak, eta Etorkizuna azkenak. Eta tartean, Profanazioa, Sekretua, Terapia, Ezpainak, Galdera, Haizagailua eta Izenordainak, besteak beste.Istorioetako bakar batek ere ez du liburuari izenburu ematen dion izen bera: ez dago Honetara ezkero izenekorik. «Baina batean aipatzen dut honetara ezkero, esplizituki, eta badu liburu osoaren izpiritua biltzeko helburua».

Lankide, «akuilu eta makulu» duen Nekane Peñagarikanori zor dio liburuaren izenburuaren zergatia. Honela esan omen zion behin hizketan ari zirela: «Bizitzan bi aukera ditugu: honetara ezkero edo hemendik aurrera». Liburuko pertsonaia gehienak egoera horretan daude, honetara ezkero horretan. «Behin honetara iritsita, atzera bueltarik gabeko egoera honetan zerbait egitea, edo zerbait aldatzea, erabat antzu eta alferrikako balitz bezala. Pertsonaiei kosta egingo zaie daudenetik irtetea, besteak beste, honetara ezkero ohitu direlako. Erresignatu direlako. Horrek badu zerikusia errutinarekin, seguru sentitzearekin, konfortean bertan goxo geratzearekin, ezagutzen ez zaionari beldur izatearekin».

Laburrean zorrotz, «eta zorrotzean umorez» idatzi ditu istorioak Iturbek, Arreseren hitzetan. «Zati bat kontatzen du, baina kontatu gabekoa ere eraikitzen du. Idatzi gabekoak intuitu egiten dira, idatzitakoaren azpian doaz, eta hori irakurleak bete behar du». Iturbe ados da: «Batzuetan, hitz bakarrarekin, gauza asko kontatzen da. Zertarako jarriko duzu paragrafo oso bat, hitz bakarrarekin ulertarazi baduzu. Ez dakit zergatik egiten dudan horrela, baina horrela egin dut, horrela egiten dut eta poz-pozik nago».

Urteak ziren Arantxa Iturbek narrazioz osaturiko libururik argitaratzen ez zuela. 2006koa du Kontu-jaten (Alberdania), adineko hainbat emakumeren testigantzak biltzen dituen liburua. Aurten bertan plazaratu du, berriz, Koadernoa zuri (Elkar), jatorrian antzerkirako zen testua nobela bilakatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.