Bizitzaz, heriotzaz bezainbeste

Heriotzak garai eta kultura ezberdinetan sortutako kezka eta irudikapenak ditu ardatz 'Heriotza' erakusketak. Antzinako piezak eta obra garaikideak bildu ditu San Telmo museoak

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Afrikako herri kontakizun baten arabera, iturri baten aurrean eztabaidan jardun zuten behin Bizitzak eta Heriotzak. Iturritik edateko baimena eman zien jabeak, baina, ohiturari jarraituz, aurrena zaharrenak edan zezala esan zien. Nor zen zaharragoa, hori bien arteko eztabaida. Eta ados ezin jarrita, jabeari eskatu zioten iritzia. «Bietako bakar bat ez da bestea ez bada. Bietako inor ez da zaharrago, ez da gazteago. Bizitza eta Heriotza txanpon beraren bi aurpegiak baino ez dira», erantzun zien hark. Joseph G. Healeyk jasotako kontakizuna irakur daiteke Heriotza erakusketaren katalogoan. Donostiako San Telmo museoak objektuen eta artelanen bilduma zabal bat jarri du ikusgai, gaiari buruz kultura eta garai desberdinetan sortutako kezka, galdera eta irudikapenak aztertzeko. Eta kontakizunean bezala, heriotzaz bezainbeste bizitzaz hitz egiten dute piezek; heriotzaren auziari aurre egiteko gizakiak hartu izan dituen jarrerak jartzen dituzte agerian. Gaur zabalduko dute erakusketa, eta maiatzaren 26ra bitarte egongo da ikusgai.

Duela bi urte inguru hasi zen San Telmo museoa erakusketa prestatzen, bere bilduman heriotzari lotutako ondare ugari zuela ikusita. Susana Soto zuzendariak azaldu duenez, baina, pixkanaka proiektua haziz joan zen, eta ondarea erakustetik harago, halako gai unibertsal batek garai eta leku ezberdinetan izan duen eta gaur egun ere daukan garrantzia jarri nahi izan zuten agerian. Jose Angel Achon Deustuko Unibertsitateko katedradunari eskatu zioten komisario lanak egiteko, eta beste hainbat museo nahiz bildumatatik ekarritako piezekin osatu dute azkenean erakusketa. Antzinako objektu eta artelanak ez ezik, artista garaikideen lanak ere bildu dituzte, Barbara Stammel, Fernando Beorlegi, Javier Perez, Javier Viver, Jose Zugasti, Lucia Vallejo eta Rosa Valverderenak.

Horiekin guztiekin, auziari buruz gogoeta sustatzea izan dutela xede azaldu du Jose Angel Achon komisarioak. «Heriotzarena gai tabu bat izan daiteke, agian ez dakiguna nola landu, beldurra ematen diguna. Horrek gaian sakontzera eraman gintuen, eta ikusleari zer pentsatua emango dioten hainbat galdera proposatzera».Azalkerian erori gabe, errespetuz eta eztabaidarako jarrera irekiz landu nahi izan dute gaia, komisarioak gaineratu duenez, helburua ez delako izan dogmarik ezartzea, kultur esperientzia ezberdinak aurkeztea baizik.

Gizakiaren jarrerak

Sei ardatzen edo atalen bueltan antolatu dituzte erakusgai jarritako piezak. Sarrera modukoa egiten du Irudikatu izeneko lehen espazioak: heriotza gai unibertsal gisa aurkezten da atal horretan, garai eta kultura guztietan irudikatu izan dena, eta horren erakusgarri dira ikusgai jarritako piezak. Heriotza bidaia baten gisa irudikatu izan duten kulturetako objektuak, arbasoekiko komunikazioa islatzen dutenak —maskarak, giza itxurako eskultura txikiak..— nahiz heriotza irudikatzen duten margolanak —hezurdurak, garezurrak nahiz dantza makabroak ageri dituztenak— daude ikusgai, besteak beste. Eta horietatik hurbil kokatu dute Javier Perez artistaren Aria da Capo obra (2008); bi giza hezurdura garden ageri dira lanean, hari batzuetatik zintzilik eta ispilu baten gainean, elkarri helduta dantzan, etenik gabe.

Hurrengo atalean Beldurra da gai nagusia, eta ideia horri indarra emateko labirinto batean baleude bezala kokatu dituzte piezak. Erdi Aroa eta egungo garaiak alderatu dituzte. Hala, erlijioak gizartea diziplinatzeko heriotzarekiko beldurra nola baliatu izan duen erakusten dute hainbat oliok eta marrazkik, zeintzuek infernua edota azken judizioa agertzen dituzten. Haien alboan, aurretiazko borondateen agiriak jarri dituzte, gaur egun heriotzari aurre egiteko bestelako ereduen adibide gisa.

Errituak ditu aztergai hurrengo atalak, eta erakusketako gunerik zabalena da, baita ondare gehien biltzen duena ere. Bi erritu nagusi erakusten dituzte piezek: ehorzketa eta errausketa. Eta hala, gorpuak gordetzeko moduei, hildakoaren familia laguntzeari nahiz doluari egiten diote erreferentzia piezek. Neolitoko lurperatze baten erreplika, hainbat haitzulotan topatutako objektuak, hilarriak, argizaiolak, errautsak gordetzeko erromatar garaiko zein egungo ontziak, hil zapiak, hileta eta segizioetako objektuak eta jantziak... Askotariko piezak daude ikusgai. Eta dolu-jantzien parean, hormatik zintzilik, Barbara Stammel artistak 2017an bere ama irudikatuz egindako hiru erretratu handi.

Hortik Zentzua bilatzea atalera igaroko da bisitaria, zeinetan, heriotzaren zentzuaz ez ezik, bizitzarenaz ere gogoeta egitea proposatzen den. 47 pertsonari egindako elkarrizketak biltzen dituen ikus-entzunezko bat dago ikusgai bertan, besteren artean. Jarraian, Heriotzatik itzultzea izenburua daraman gunean, fantasiari egiten zaio lekua. Heriotzari lotutako hainbat festatako piezak nahiz argazkiak —Halloween nahiz Mexikoko Hildakoen Egunekoak— ez ezik, filmak eta komikiak ere bildu dituzte, besteak beste, Dracula, Frankenstein nahiz zonbiei buruzkoak.

Utopiak izeneko azken atalean hilezkortasunaren ideiari heltzen dio erakusketak. Egiptoko sarkofago bat eta beste hainbat pieza daude ikusgai Lucia Vallejoren obra baten parean. Eta zientziari eta teknologiari lotutako argazki eta ikus-entzunezkoak daude amaieran, gaur egungo kezken eta eztabaiden isla direnak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.