Ez da miraririk izan

GBCk galdu egin du Real Madrilen aurka, eta Urrezko LEB ligan ariko da. Baskonia hirugarrena izan da, eta Zaragoza izango du aurkari

GBCko jokalariak, zaleak agurtzen, maila galdu berritan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2019ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Ez da azken orduko balentriarik izan. Delteco Gipuzkoa Basket ez da ariko ACB ligan datorren denboraldian, maila nagusian bi sasoiz jokatu ondoren. Donostiako taldea Urrezko LEB ligan lehiatuko da heldu den sasoian.

Oso zail zuen azken jardunaldian jaitsierari izkin egitea. Aukeraren bat izateko, Real Madril liderrari irabazi behar zion Illunben. Ia ezinezkoa zen erronka: batetik, alde itzela dago bi taldeen artean: bestetik, Espainiako taldeak nahi eta nahi ez irabazi beharra zuen, sailkapeneko lehen postuari eutsi eta kanporaketa guztietan kantxa alde izateko. Bada, Pablo Laso GBCko entrenatzaile ohiaren taldeak ez zuen errukirik izan donostiarrekin, eta nagusitasun handiz irabazi zuen, hemeretzi punturen aldeaz: 76-95. Halakorik gertatu ez balitz ere, GBCk maila galduko zuen, Estudiantesek galdu egin baitzuen Joventuten kantxan.

Illunben bildutako ikusleek zutik eta txaloka agurtu zituzten GBCko kideak partida amaieran. Ohituta daude halakoak bizitzen, azken sei denboraldietatik lautan galdu baitu maila taldeak kantxan —eta bitan eutsi dio mailari bulegoetan—. Donostiako taldea saiatu da beste urtebetez onenekin jarraitzen, baina garesti ordaindu du liga hasieran egindako lan makala: lau garaipen besterik ez zuen lortu lehen 22 partidetan. Gai izan zen suspertzeko eta jaitsiera postuak atzean uzteko, baina galdu egin ditu azken lau partidak, eta horrek kondenatu du.

Baskoniaren hanka-sartzea

Baskoniak 92-81 galdu zuen Valentziaren aurka, eta bigarren postutik hirugarrenera jaitsi zen. Zaragoza izango du aurkari final-laurdenetan. Kantxa faktorea galdu du Real Madril edo Bartzelonaren aurka jokatzen badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.