Mendi ibilbidea

Mindutxako haritz zaharra

Makina bat haritzek edertzen dute Galarretako paisaia. Mindutxako haritz zaharra bapo errotzen da Basakaitz errekaren altzoan.
<em>Galarretako Aitona</em> Mindutxako parajean dago.
Galarretako Aitona Mindutxako parajean dago. JOSEAN GIL-GARCIA

Josean Gil-Garcia -

2019ko ekainak 11
Galarreta eta Zalduondo herrien artean zabaltzen den baso trinkoan, ametzak (Quercus pyrenaica) dira jaun eta jabe. Barrundiako ibarrean tamaina txikikoak direlarik ere, horietako askok hogei metro ere badituzte. Hostoak ez dira nolanahikoak: tamaina ertaineko ertz gingilduna erakusten dute, eta tapiz fin batek estaltzen ditu azpialdeak.

Ametzok osaturiko itsaso berde berean, beste espezie batek hartzen du lekukoa han eta hemen, lur silizeoa arras gustuko baitu: haritz kandugabea da (Quercus petraea). Aurreko bidelagunak baino handixeagoa da hau, eta adaburu biribila bezain hostotsua begietaratzen du. Milpiribil eta Askiola mendien hegoaldeko mazelan barrena ibiliz gero, haritz sendo horietako batzuk ikusteko parada dago. Hainbat urtez inausketak egin izanaren ondorioz, gainera, zuhaitzok neurriz kanpoko enborra garatu dute, eta basoan erraz izaten da haren presentziaz jabetzen.

Basakaitz eta Malkorrako sakanen artean dagoen haritz zaharrena bisitatuko dugu oraingoan. Mindutxako parajean dago, eta zortzi metro inguruko perimetroa irabazia du. Basoko lana egin duten ikerlarien ustetan, kontuan hartzeko tamaina da Galarretakoarena, Euskal Herriko enborrik lodienetan zerrendatzen baita. Lodieraren inguruko ika-mikari muzin eginez, ordea, zer pentsatua ematen du Mindutxakoak. Alta, azken bost mendeotako gertakari frankoren lekuko interesgarria da.

Galarretako zidorra

Aguraindik nahiz Zalduondotik hurreratuko gara Galarretara. Autoa sarreran utziko dugu, elizaz bestaldeko kale zabalean. Bistan da herriko elizak itxura bitxia duela. Tenpluaren ganga lurrera etorri zen XX. mendearen erdialdean, eta monumentuari zor zitzaion arreta eta laguntza ez zirenez garaiz iritsi, herriko ikono bihurtutako dorre garaiak lurra jo zuen 2014ko uztailean. Gaur egun, ordea, bestelako harrera egiten du herriak: artelanak eta behialako zein egungo lanbideek hizpide duten elementu esanguratsu ugari kokatu dira kale nagusian zehar. Ederrak, den-denak!

Ibilian hasteaz batera, landa bideak Urkilla mendiguneari begira jarriko gaitu. Estibarriko sakana eskuinaldean eta Arriturri ezkerrekoan ditugula, hegiz hegi jarraituko dugu, noranzkoa aldatu gabe. San Pablo inguruan aparkaleku xume bat dago, baita Galarretako zidorra dakarren mapa bat ere. Nekazari bidea ixten duen langa bat zeharkatu bezain pronto, eskuinetik segituko dugu, betiere Estibarriko sakanari begia kendu gabe. Errekara jaitsi gabe —handik egingo baitugu itzulera—, ezkerretik doan bideari oratu, eta, larreak gogaide, pinudira iritsiko gara.

Basoan gaindi ibiliko gara, goxo-goxo. Pinudiak bidea emango dio hariztiari, eta Otxarango etxolara iritsiko gara ziztuan. Txabolaren albotik igaro, eta eutsi egingo diogu iparraldera egiteari. Mindutxako zuhaitz handira iristeko 300 metro falta direla, basabidea bitan banatuko da. Eskuineko bidea itzulerarako lagako dugu, eta zuzen egingo. Soilgune batera irtendakoan, Galarretako Aitona ikusiko dugu, eder-eder, eskuinaldean, zoko xume batean.

Galarretara jaisteko, aurreko bidebanatzera itzuli, eta ezkerrera egingo dugu basabidean. Zehar-zehar ibili ostean, Basakaitz errekara helduko gara. Pagadiak ingurua hartzen duela nabarmenduko dugu han. Ur emaria gurutzatu eta metro gutxira, Zalduondorako bidea bazter egin, eta eskuinera okertuko dugu. Erreka aldamenean dugula, goratasuna galtzen hasiko gara. Askiolako sakanean behera doan errekastoa gurutzatu eta berehala, basabide zabal batera irtengo gara. Azkenik, Korrosparri tontorra erreferentzia gisa hartuta, Estibarri erreka gurutzatu, eta San Pablon ikusitako aparkalekuan izango gara berriz ere. Nekazari bideak lagunduta, Galarretara helduko gara.